Ana Urchueguia alkateak, Iñaki Mugika hirigintzako batzorde buruak eta J. M. Elizegi udal arkitektoak Okendo eta udaletxe berriaren proiektua azaldu zuten ostiralean prentsaurrekoan.
“Duela bi egun hasi ziren lan garrantzitsuak, esate baterako, udal atzeko pareta, 24 urtez ikusi dudana, gaur edo astelehenean botako dute,” azaldu zuen Lasarte-Oriako alkatea eta “atzean dagoen misterioa bistara geratuko da,” gaineratu zuen.
Okendoko berrantolaketa
Elizegi arkitektoak azaldutakoaren arabera, “Okendoko berrantolaketan lehenik udaletxe berria egingo da. Geltoki kaleari diseino berria emango zaio eta Okendo plaza eta Brigitarren baratza batuko ditugu.”
Udaletxe berriak hiru elementu nagusi izango dituela aurreratu zuen “egungo udaletxeko eraikuntza, komentuko zati bat, monumento historikoa dena, eta eraikuntza berria.”
“Egungo Udaletxea berrituko da eta bere funtzio instituzionala izaten jarraituko du. Aldaketa bakarra sarrera izango da, arkupetatik egingo dena,” azaldu zuen Iñaki Mugikak
Monumentu historiko hori arkupeak dira eta Okendo eta plaza eta lorategi berriak batuko dituen elementua dela gaineratu zuen Elizegik. “Arkupea gardena izango da, herritarrak bertatik arazorik gabe igaro ahalko dira,” aipatu zuen.
“Arkupeen bukaeran, eraikin berrian, Merceroren omenezko museoa kokatuko da,” adierazi zuen.
“Gainera, Udaletxeari arkupeak batzean, udalak balkoia izatea ahalbideratuko du, Okendora begira,” azaldu zuen ere udal arkitektoak.
“Okendo plaza oinezkoentzat geratuko da” aipatu zuen Mugikak eta “Lasarte-Oriak hirigune izango du azkenean,” gaineratu zuen alkateak.
“Plazaren azpian bi solairu egingo dira. 120 aparkaleku erdiguneko aparkaleku arazoak konpontzeko eta lehenengo solairuan, Udaleko biltokia, etab egongo dira,” aipatu zuen Elizegik.
Diseinoa
Arkupeak berritzeko Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzako diru-laguntza lortu duela azpimarratu zuen Lasarte-Oriako alkateak.
Honela, arkupeko fatxada berria, Okendo aldekoa, eta eraikuntza berria egun dauden materialekin egindakoak izango dira eta arkupearekin zer ikusirik ez dutenak. “Izan ere, ezin izan baitu mimetikoa izan. Monumento historikoen legeak agintzen du, ondoko eraikinak ezberdinak izan behar direla,” azaldu zuen Elizegik. “Arkupeak, gianera, eraikin berriarekin bat egingo du. Bigarren fatxada bat bezala izango da,” atxiki zuen.
Era berean, Brigitarren komentuko baratzean egingo den lorategiari buruz ere hitz egin zuen. “Lorategi berriak diseino berritzailea izango du eta zeuden baratzak irudikatzen saiatuko da,”·azpimarratu zuen udal arkitektoak.
Lanen iraupena
Egun garbiketa eta segurtasun lanak egiten dihardutela azaldu zuen ere Elizegi jaunak, “pantaila paretak egiten ari dira eta landaretza kentzen. Segurtasuna bermatuko dute pareta horiek.”
“Hamabost hilabete lanean egongo dira. Hori da aurreikuspena. Baina auskalo, ia 300 urteko eraikuntza baita Brigitarrena,” azaldu zuen Ana Urchueguia alkateak eta ”beraz, bi urteren buruan ikuspegi berria izango dugu,” gaineratu zuen.
Arkupeak ikusi
Atzo goizean, Brigitarren komentukoa zen arkupea urrunetik ikusteko aukera egon zen. Osasun zentro zaharraren ondoko atetik sartu eta barruko lanak ikusi ahal izan zituzten.