TSST konpainiako langileen izenean sindikatuek idatzi bat kaleratu dute, non haien erabiltzaileei haien zerbitzuen kalitatearen beherakadaren zergatia azaltzen baitute.
Honetan, gehiegizko orduek osasunean duen ondorioa aipatzen dute “autobusen ordutegia gehiegizkoa da, honek gidarietan estresa, antsietatea eta nerbioak sortzen ditu. Hauek osasun arazo larriak sor ditzakete...”
Gainera, honek ere “ordutegiak ez betetzea dakar eta beraz, erabiltzaileak dira egunero zerbitzuaren puntualitate eza sufritu behar dutenak,” aipatzen dute oharrean.
Oharraren bigarren arrazoia autobusen arazoak dira. “Mantenu arazo larria dago eta honek gidaritza eta erabiltzaileen erosotasunaren kalterako da. Honetan, ezindu fisikoentzako egokitutako ranpei buruz hitz egingo dugu, ez baitabiltza gehienetan,” dio.
Eta azkenik, ibilbidean zehar dauden geltoki batzuen segurtasun eza aipatzen da.
Honela, oharraren bukaeran konpainiari eta Lurraldebusi arazo guzti horiek konpontzeko eskatzen diete.
Gidariak erreta
Andoni Loinaz gidarien ordezkariak azaldu digunez, “autobusetako txoferrak erreta gaude ordutegiengatik. Gainera, publiko aurrean guk eman behar dugu aurpegia eta azkenerako giroa txartu egiten da. Zerbitzua erabiltzen duena haserretu egiten da eta gidaria ere bai.”
“Zuzendaritzara gure kexak bideratzeko bilera bat egitea eskatu genuen eta bost minutuko bilera izan zen. Zuzendaritzaren erantzun ezaren aurrean, idatzi bat edo zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Idatzia prestatu, esandako asanbladan aurkeztu eta onartu egin zuten langile guztiek,” adierazi digu Andonik.
Zuzendaritza harritua
Santiago Sarasola, TSST konpainiako zuzendariarekin solasean egon gara ere.
Honek bere harridura azaldu digu, “duela bi edo hiru hilabete konbenioa sinatu eta arazorik ez genuen izan. Orain bilerarik gabe oharra zabaldu dute eta gu prentsagatik izan dugu honen berri.”
“Ez inolako aldaketarik egon ordutegietan. Beno udan, hobera egin dugu, arratsaldeko gidariek 15 minutuetako atsedena dutelako,” aipatu du zuzendariak eta “denbora gutxi dutela eta estresatuak daudela, bakoitzak bere iritzia izango du,” gaineratu du.
Autobusen mantenuari buruz galdetzerakoan, “mantenua betikoa da. Esate baterako, uda hasieran arazoak egon ziren haize egokituekin eta konpondu genituen,” adierazi digu.
Ranpen arazoa onartzen du, “beti izan dira arazoak, baina ez gure enpresan bakarrik. Urduritasun handia sortzen dute erabiltzaile eta gidariengan ez dabiltzanean.”
Eta gaineratu du, “oso arriskutsua da autobusen segurtasuna dudan jartzea. Mantenua ongi egiten da. Autobus guztiek ITVa pasa dute eta ez dugu istripurik izan azken aldian. Matxurak ditugula! Normala da urtean 120.000 kilometro egiten dituen garraio batean.”
“Geltokien arriskuarena aipatzean ere arrazoi dute,” esan digu Sarasolak, “Billabona-Tolosa aldean daude gehienak. Foru Aldundiak horren berri du eta horiek aldatu edo konpontzeko ardura berea da.”
“Aurreko Foru Aldundiko garraio delegatuari eman genion horren berri eta orain hasi dira lanean. Adibidez, Irurako geltokia obretan dago eta ea noiz bukatzen den,” gaineratu du.
Bai gidariak, baita zuzendaritza ere bat datoz erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaini nahi dietela esatean eta horretarako lan egingo dutela adierazi digute.