Kanpaldietako azken txanpa atzo abiatu zen Bermeotik

Txintxarri 2009ko uztailaren 20a

Aurten hiru kanpaldi antolatu ditu Ttakun Kultur Elkarteak. Dagoeneko bi txanda amaitu dira eta atzo abiatu zen hirugarrena.
Lehenengo txanda, txikienena, Mendigorriara joan zen uztailaren 3an eta 14an bueltatu ziren. Guztira 59 haur bildu ziren, lasarteoriatarrekin batera, beste hainbat herritako haurrak.
Ekintza ugari egin dituzte eta gainera eguraldi lagun izan dute: bizikletekin irteerak egin dituzte, Sendaviva parkera joan dira, igerilekuan ibili dira, afari erromantikoa izan zuten... Hain ondo pasa dute, azken egunean, agurtzeko garaian, begi gorriak eta malkoak dantzan ibili zirela.
Ostiralean amaitu zen bigarren txanda, zaharrenena, 29 gazterekin, Kosta ala Kosta.
Kanpaldi hau ibiltaria izan da, Garaion hasi eta Bermeon bukatu zuten. Hauek ere orokorrean tenperatura onarekin ibili dira, eguraldiarekin zorte ona izan dute.
Baina etapak oinez egiteaz gain, beste hainbat ekintza egiteko aukera ere izan dute. Esate baterako, piraguan ibili ziren Laidan, Atxarten berriz eskalatu egin zuten eta Bermeon, kanpaldien azken egunean kontzertuak izan zituzten.
Azkeneko txanda atzo abiatu zen, KTG kanpaldia. Honetan Lasarte-Oriako gazteak Durangokoekin batera egongo dira, guztira 65 lagun.
Kanpaldi hau ere ibiltaria da, Bermeon hasi eta Castron bukatuko dute. Bidean hainbat ekintza eta itsaso-kirolak egiteko asmoa dute, ea hauek ere eguraldia lagun duten.