Lasarte-Oriako lehen errugbi taldea, 1984ko udazkenean 17 urte inguru zituzten Sasoetako gaztetxo batzuk osatu zuten. Euskal Herriko Errugbi Eskola Independientea bultzatzen zuen entrenadore bat zuten: Euskal Herrian hainbat talde ziren, Txina eta Indian ere sortu zituen beste bi talde eta elkarte-eskola honen helburua, Batasunaren Liga deitzen zutena antolatzea zen, Ipar eta Hego Euskal Herriko talde onenen arteko ligaxka bateratua, federazioetatik independientea izango zen lehiaketa. "Ideia oso polita zen, baina zailtasunak ere handiak ziren, ez geunden federatuak, ezin erakundeetan ezer eskatu, beti ibili gara estu eta larri. Ahal zen lekuan entrenatuz, eta asko bidaiatu badugu ere, dena guk ordainduta" kontatu digute Beltzak taldeko kideek.
Hasieran, astean zehar, Dana Ona aurreko aparkalekuan entrenatzen zuten, "herrian argia zegoen toki bakarra zelako", eta igandetan hipodromoan. Lehen lau urtetan Lasarte R. T. izan zen. 1988an kirol-jantzi berriak erosi zituzten, beltzak bi marra zurirekin, eta ordutik taldeari Beltzak deitzen diote, izen hori hartu zuen.
Lagunarteko partidak
Batez ere, Ipar Euskal Herriko taldeen aurkako lagunarteko partidak jokatzen zituzten. Jakina da, han maila handia dagoela eta, beraz, partidu gehienak galdu egiten zituzten, "uste dut behin irabazi genuela Donibane Lohitzunen, eta beste behin ia ia Urruñan. Kontua hara joan eta errugbian jokatzen ikastea zen. Ahal zena egiten genuen genituen baliabideekin. Galdu arren giroa bikaina zen, afari bat ematen ziguten,..." oroitzen dute beltzek. "Beste filosofia bat genuen, ez da federatua zaudenean bezala, ez zen lehiakortasunik, lehiatu baino errugbian jokatu eta ondo pasatzen genuen. Eta kirola maitatzen ikasi genuen, jokatzen genuenon arteko adiskidetasuna bultzatzen genuen,..."
Kanpora bidaiak
Aste Santuan kanpora bidaiak egiten zituzten, eta hainbat lekutan izan ziren elkarrekin, Holanda eta Alemanian, Eskozia eta Ingalaterran, Irlandan, Italian edo Ipar Euskal Herrian askotan. "Guzti honek izan duen ondorio onena zera da, 25 urte ondoren gehienok gure arteko harremanari eutsi diogula eta guztien arteko lotura errugbia dela"
Garai batean eskola independienteak federatuak baino jokalari eta talde gehiago izan zituen. Federazioa bera harrituta zen.
90. hamarkadan, Beltzak taldeko kideetako batzuek federatzea hobeto izango ote zen planteatzen hasi ziren; beste batzuk, topera lehiatu gabe lagun arte mailan jokatu nahi zuten, hau da hartuemanak izan, toki ezberdinetara joan eta ezagutu. Iritzi ezberdinak ziren. Piskanaka gero eta gutxiago ziren taldean: jokalari batzuek lanarengatik utzi zuten beste batzuk kanpoan jokatzen ari ziren: Ziburun izan ziren bi, Riojan lehenengo eta gero Zarautzen beste bat, AtlSS, Hernani eta Zarautzen izan ziren batzuk...
Errugbi eskola
Beltzak bezala jokatzeari utzi arren, lagunak izaten jarraitu zuten, afaltzeko edo nazioarteko partidak ikusteko elkartuz. Eskoziako 2007ko mundialean izan zirenean piztu zen berriro errugbia herrian bultzatzeko asmoa: "guk aukera eduki genuen bezala zergatik ez diegu haur eta gaztetxoei errugbian aritzeko aukera eskainiko?" Lagunarte ezberdinetakoak baziren ere, elkarrekin oso ondo konpondu ziren eta pentsatu zuten: afarietan elkartzeari edo errugbi partiduak ikusteko bidaiak antolatzeari utzi gabe, zergatik ez gaztetxoekin lanean hasi.
Bildu eta aukera ezberdinak aztertu zituzten. Klub bat sortzeak ahalegin handiagoa eskatuko lieke, eta, Ostadarren eskaintza onartuz, elkarte honen barruan errugbi saila sortzea erabaki zuten. ". Beltzak beti izan du bere nortasuna, izaera berezia izan du, baina Ostadarren sartzea ere interesgarria da, indarra izateko: urte asko darama lanean, sail ezberdinak dituen kluba da eta esperientzia handia du". Ostadarrek ere errugbi taldea izan zuela gogoratzen dute, maila oneko gazteen taldea, baina bi urte bakarrik iraun zuena.
Zenbait pausu eman dituzte, Aldundian Lasarteko errubi eskola sortzeko eta Ttakunekin batera eskola kirolaren programakuntzan errugbia sartzeko. Segur-aski, hurrengo ikasturtean hasiko da herriko ikastoletan. "Guk Ttakunekoei zein ariketa egin daitezkeen eta eskola nola planteatu daitekeen azalduko diegu, aholkuak eta laguntza eman, baina trukean interesgarria da guretzat ere, errugbia probatzen dutenei gustatzen baldin bazaie, gero gurekin jarraitzeko aukera izango dute eta".
Beltzak taldeko esperientzia handiko bospasei lagun prestatu dira Errugbi Eskolan monitore izateko. Asteburuetan entrenatuko dituzte haur eta gazteak. Gainera, batzutan, beste talde batzukin lehiatuko dira. Eskola kiroleko monitoreak, kanpoko taldeetan ari diren Lasarte-Oriako zenbait jokalari gazte izango dira. Maila altua dute, batzuk Euskadiko selekzioan daude. Arbitro bat edo beste ere badute.
Zailtasunak
Lasarte-Orian beste kirolek bezala arazorik handiena zelaiarena da. Beltzak taldeko kideen ustez, "futbolean ere zelaiak baino talde gehiago daude. Ez dago kirol instalakuntza egokirik. Pausuak ematen ari dira baina oso motel, kirolean ari diren haur asko dira baina ez dituzte nahikoa instalakuntza. Errugbi mailan 25 urte ondoren orduan bezala gaude. Michelingo zelaian belar naturala zenean jokatu genuen partidaren bat edo beste, baina belar artifiziala jarri zuten eta ez dago errugbirako homologatua. Haurrekin aritzeko balio du, baina aurrera begira, ez dakigu. Handien taldeak sortu nahi ditugu, erronka hor dago baina aztertu beharko da. Garbi dago, kirolariren batek Lasarten jarraitzeko aukerarik ez badu, izango duela aukerarik beste klub batzuetan aritzeko. Harreman onak dauzkagu inguruko taldeekin. Hernani, Zarautz,... Lehen ere jokatu dugu talde hauetan eta ez da arazorik izango."
Udaleko kirol arduradun Jesus Zaballosekin ere izan dira, eta esan diote, urte batzuk barru jada nahiko erabili eta hondatua dagoen Michelingo zorua aldatu behar bada, herriko taldeen iritzia kontutan izan dezatela, zelaia edozein kirol egiteko homologatua izan dadila. Udaleko ordezkariaren aldetik erantzun ona izan dute, oraindik ez dutela ezer planteatu, baina momentua iristen denean kontutan izango dituztela, esan zien Zaballos zinegotziak.
Irteerak
Bi urtean behin gutxi gorabehera bidaiak antolatzen dituzte. 2007an 24 lagun Eskoziako mundialean izan ziren. Aurten Italiara joan dira, Erromara, sei Nazioen Sariketako partidua ikustera eta bi urte barru ere joango dira norabait. Mundiala Zelanda berrian da eta urruti izango da segur aski baina beste norabait joango direla diote. "Guk elkarrekin segitu nahi dugu, Beltzak taldeko beteranoak izango gara, batzuek afariak edo bidaiak antolatuko ditugu eta beste batzuk Eskolaz arduratuko dira".
Jokalari zirenean ere gustuko zuten bidaiatzea. 1987an Holanda eta Alemaniara joan ziren, 1990ean Eskoziak Bost Nazioen Txapelketa irabazi zuen urtean Inglaterra eta Eskoziara eta 1992an Irlandara. "Bidaia geuk ordaintzen genuen, ahal zen bezala, literak zeuzkan autobusean joaten ginen, eta hainbat lekutan lo egin dugu, lantegi zaharren batean, aldagela batzuetan, kluben egoitzetan,... lurrean, lo sakuekin, baina merezi zuen, noski, gazte ginen eta berdin zitzaigun. Gu ginen kanpora ateratzen ginen bakarrak, Gipuzkoan ez da Europan ibili den talde federaturik, hemen bakarrik jokatzen zuten. Orain hasi dira batzuek".
Oroitzapen onak dituzte eta gertakari, pasadizo zein bitxikeria ugari ere bai. Irlandan izan zirenean Dublinetik Belfastera joan ziren egun bat pasatzeko eta “Kafe”k autobusa galdu eta gerora azaldu zen Dublinera. Alemaniara joan zirenean “Morrosko”ri esan zioten han ez zegoela hemen bezala ogirik eta maleta opilez bete zuen. Astakilotzat hartu zuten baina gero han ogia eskatzen zioten denek. Eskozian izan zinenean, guztiak baserritarrez jantzi, batzuek poxpolin jantziarekin, eta Edinburgo erdian kalejira egin zuten trikitixarekin.
"Galtzaile onak izan gara, gehienetan galdu egiten genuen, baina hirugarren denbora beti zen gurea. Benetan, jende oso naturala izan gara, parranda asko egin dugu, baina inon ez dugu arazorik izan. Esperientzia oso onak izan ditugu". diote harro Beltzak taldekoek. "Zer da porrota? Oso lehiakorrak direnek hori esango dute, "ez zuten ezer irabazten". Nire ustez porrotik ez zen izan, galtzeak izorratzen du, baina izan ditugun bizipenak oso positiboak izan dira”.
Partidu gogoangarri asko jokatu dituzte, baina bereziki Katalunian jokatutako batetaz oroitu ziren. “Montjuic-en jokatu genuen. Lehen mailako taldeak ziren Katalunian, eta zelaira atera orduko harrituta ziren. Gure arropak oso erabiliak zeuden, erdi-hondatuta, ez geneukan berriak erosteko dirurik, noski. 17-18 urte izango genituen, ez zuten haiek pentsatuko, baina irabazi egin genien”.
Filosofia berezia
Errugbi jokalarien pentsamolde bereziaz mintzatu ziren Beltzak: “Klub guztiak ez dira berdinak, baina guk behintzat asko zaindu dugu ondo pasatzea dela garrantzitsua. Gaztetxoek ondo pasa behar dute. Horretan saiatuko gara. Eta mutikoek taldean murgildu behar dute, denean hartu parte, hau da, ez iritsi eta jokatu bakarrik: zelaia prestatu, baloiak atera eta jaso. Ipar Euskal Herrian horrela egiten dute. Eta norgehiagoka amaitu denean, amaitu da eta aurkaria zure laguna da. Hori ikasi genuen eta hori erakusten saiatuko gara. Partiduan zehar izan daitezke liskarrak, baina gero bukatu dira. Gogor jokatu behar da, baina inori minik eman gabe, ondo pasatuz,.... Txikitatik erakutsiko diegu hirugarren denbora ere hor dagoela, ondoren elkarrekin zerbait jan eta edatea. Gauza bakoitza bere neurrian. Zurekin jokatzera etorri den taldeari amaieran zerbait eskaintzen zaio eta eurak behar den bezalakoak baldin badira zu bere herrira joatean ere berdina egingo dute. Errugbia gizatasuna, errespetua, begirunea, adeitasuna, ahalegina, konpromisoa,... ere bada. Orain frantziar selekzioak erabiltzen du guk beti erabili dugun lelo bat, errugbia, bizi-eskola.”