Udalak 8 pertsona kontratatuko ditu enplegua sustatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 22a

Gipuzkoako Foru Aldundiaren enplegua sustatzeko programa 2009 barruan, Lasarte-Oriako udalak obra eta instalazio publikoak mantentzeko enplegurik gabeko pertsonak kontratatuko dituela jakin arazi du.
Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, 8 pertsona kontratatuko ditu, ahal dela Lasarte-Oriakoak eta enplegurik gabekoak, 6 hilabetez eta lanaldi osoz, 2009ko irailaren 14tik 2010eko martxoaren 13ra.
Udalak eskainiko dituen lanpostuak 1. mailako 2 argiketari; 2 argiketari-laguntzaile; 1. mailako zurgin bat; zurgin-laguntzaile bat; errementari-soldatzaileen laguntzaile bat eta iurgintzako laguntzaile bat dira.

Eskaera egin

Hautaketa prozesuan parte hartzeko, pertsona interesatuek Lasarte-Oriako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dute beren eskaera.
Eskaera orri hori programa horretarako eredu berezia duena izango da eta Udaletxeko erregistroan bertan edo Zerbitzu Sozialetako Departamentuan, abuztuaren 10era arte, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:30era bitartean jaso ahalko dute.
Eskaerarekin batera edo hautaketako entrebistan bertan, errentaren aitorpenaren eta langile-denboraren kopia aurkeztuko dute interesatuek.
Lasarte-Oriako Udalak helarazi duenez, eskaeren baremazioa eta hautaketarako entrebistak irailaren 1etik 9ra egingo dira.