Santa Ana eguna ospatuko da igandean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 22a

Igandean Santa Ana eguna dugu eta urtero bezala, Ttakun Kultur Elkarteak egun horretarako ekintzak prestatu ditu.
Ohitura denez, Brigiten Komentuko mezarekin hasiko dira Santa Ana eguneko ospakizunak 11:00etan.
Ondoren, Ttakunek antolatutako luncha dastatu ahalko da Brigiten plazan eta eguerdian, Santa Ana Karkabaren aurrean agurra dantzatuko dute Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek.

Parodia Isla plazan

Baina eguneko ekitaldirik garrantzitsuena eta sonatuena gaueko 22:30ean hasiko den Parodia da.
Honetan azken urtean herrian gertatutako kontu garrantzitsuenak errepasatuko dira, hala nola, krisia, gripe A, Okendoko lanak...
Aurten gidoigintza lanetan Pablo Barrio, Idoia Garzes eta Xabier Arruti aritu dira.
Parodian parte hartuko duten guztiek (berrogei aktore inguru, dantzariak, musikoak,...), laurogei lagun inguruk, afari ederraz gozatuko dute Extremeña elkartean.
Bapo afaldu ondoren, 21:30ean Andatza plazatik irten eta, Parodia iragarriz, desfilea egingo dute guztiek herriko kaleetan zehar Isla plazaraino.
Hori baita, aurtengo aldaketa nagusia, lekua. Okendo plazan lanak direla eta, aurten Santa Anako Parodia Zumaburuko Isla plazan antzeztuko da.

Omenaldia

Baina antzerkia egin baino lehen, omenaldia egiten da urtero. Aurten 25 urte bete dituen Beltzak Rugby Taldea izango da omendua.
Kirol taldeak urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi burutu ditu aurten eta kirola herrian sustatzeko ahalegin guztiak egiten ari da. Esate baterako, rugby eskola iraunkorra ezartzeko asmoa dute Ostadarrekin batera.
Omenaldiaren ostean, antzerkia izango da nagusi Isla plazako oholtzan. Santa Ana eta San Joakin, Basajaun, epailea eta abokatuak akusatuei egotzitako karguak entzun eta epaia emango dute. Ea akusatuak erretzen dituzten!