Aurreko asteburuan, berriz, Munduko Kopako lehiaketa hamar onenen artean bukatu zuen, sailkapeneko bederatzigarrena.
Maialenekin harremanetan jarri gara eta bere iritzia eman digu.
Munduko Kopa
Hiru aste eta hiru proba. Pau, Bratislava eta Augsburg-en lehiatu zituen Maialenek Munduko Kopako probak.
“Munduko Kopen aurtengo ranking-ean 9. bukatu dut. Azken bi konpetizioetan ez nintzen batere fin ibili, eta hala ere, munduko 10en onenen artean amaitu dut,” esan digu.
“Munduko Kopa gorputza nahiko nekatuta nuela amaitu nuen, hiru aste jarraian, Europan zehar, konpetizioak egiten, fisikoki eta mentalki aste gogorrak izan ziren, ” esan digu eta azken proban gainera sukarrarekin konpetitu behar izan zuela ere aitortu digu.
Espainiako txapelketa
“Espainiako txapelketa Munduko Kopako proben jarraian izan zen. Orduan, espainiako txapelketara oso nekatuta iritsi nintzen,” azaldu digu palista lasarteoriatarrak.
Baina duen indarra erakutsi zuen Maialenek. “Gainontzeko neskak oso fin ibili ziren eta nik nuen guztia eman behar izan nuen txapelketa irabazi ahal izateko,” aipatu digu.
Sailkapenean ahalegin bakarra behar izan zuen finalean sartzeko eta finalean, berriz, bigarrengo saiakeran egin zuen txapelketa eman zion jaitsiera, 01:48,230 denbora eta 108,23 puntu.
Maialen mundialean
Irailean La Seu d’Urgellen jokatuko den Mundiala da Maialenen helburu nagusia.
“Orain Seon jokatuko den Munduko Txapelketa bakarrik dut buruan. Aste beteko oporralditxoa pasako dut, gorputza pixka bat freskatzeko, eta ondoren buru belarri Munduko Txapelketaren prestaketan murgilduko naiz,” adierazi digu Maialenek.
Denboraldi osoa La Seun entrenatzen egon da eta emaitza ona egiteko gogoekin dagoela ere aipatu digu.
“Seon lokala naiz. Aurten urte guztia bertan pasa dut Munduko Txapelketa prestatzen. Oso motibaturik nago, aukera paregabea baita niretzat. Munduko Txapelketaren emaitza ona lortzea nere eskutan dago. Presioa bide onetik eramaten badut emaitza hor izango dela uste dut,” aurreratu digu.