Horrela maiatzaren 4tik 22ra Atxega, Bereziartua eta lagunek iparraldetik hegoaldera bidea egin zuten eta "Desafio Extremo” saiokoek aurreko astean hegoaldetik iparraldera. "Haiek zakurrekin eta guk eskiekin". Taldean, bi lasarte-oriarrak, Alfontso Ena bergararra, Antton De la Cuesta donostiarra, Madrileko beste lagun bat eta agentziako gidaria ziren. Lau euskaldunak laugarren aldiz egon dira elkarrekin latitude hauetan. Lehenengoa, Svalbard irletan, bigarrena Groenlandia hegoaldean eta hirugarrena Lanmanalaugar-ko ibilbidean Islandian. Lauak, antzekoak izan dira: "Islandiakoa izan zen agian diferenteena, erraketekin egin genuen, elur gutxiago zen eta bi pulka (gauzak garraiatzeko lera txikia) eraman genituen laurontzat. Bestetan, bakoitza bere pulkarekin ibili gara".
Aurten hiru asteko bidaia izan da etxetik atera zirenetik itzuli arte, baina 14 egunetan burutu zuten 180 bat kilometroko zeharkaldia. Labur labur honela kontatu digute egindakoa: "Hegaldi komertzialetan joan ginen, Qaanaaq, 700 biztanle dituen Groenlandia iparraldeko herrira. Astean hegaldi bat iristen da, gorago hegazkin normaletan ez dago joaterik. Hortik, abionetan lerro zuzenean 200 kilometro iparraldera abiatu ginen. Penintsula bat da eta itsasora doazen mingain asko dituen Humboldteko glaziarra dago hor. Jelatutako itsasoan utzi gintuen abionetak. Qaanaaq penintsularen hegoaldean badago, gu iparraldean utzi gintuzten. Lerak lotu eta hortik abiatu ginen: lehen bi egunak itsaso izoztuan egin genituen, laua zen, lurrera heldu arte. Beste bizpahiru egun glaziarrean gora, 1.350 metroko altura gorena harrapatu arte eta gero penintsularen hegoaldera jaitsi ginen itsasora zuzenean morrena batetik. Fiordo horretatik egun batean iritsi ginen bukaerako punturaino, Siorapaluk izeneko herri txiki batera, munduan iparralderen dagoen herria da. Hor lo egin eta hurrengo egunean bakoitza zazpi-zortzi zakurrek tiratutako lera txiki batean Qaanaaq abiapuntura joan ginen. Gehiena itsasotik, baina urtzen hasia zen eta parte batzuk lurretik egin genituen. Bertakoek erabiltzen dituzten trineoak ziren eta bakoitza hango ehiztari batekin gindoazen".
Maiatza garai ona al da honelako zeharkaldia egiteko?
Eguraldi aldetik garai nahiko "xamurra" da, hain juxtu, bizpahiru aste lehenago tenperatura 30 gradu zero azpitik zen baina gu joan ginenerako dexente "epeldu" zen. Aurreko espedizioek haize katabatikoa harrapatu zuten, 200 kilometro orduko zebilen. Ikusi genituen ondorioak: aurpegia dena zartatuta zuten.
Egun bakoitza nolakoa izan zen?
24 orduz eguna zen, goizeko 4etan esnatu eta kristoren argitasuna, arratsaldeko 4etan eta goizeko 4etan berdin berdina. Nahikoa lo egindakoan jaiki eta bi edo hiru ordu egiten genituen goizero abiatzeko prestatzen: Jaiki, zakuak kanpoan lehortzen utzi, gorde, gosaria prestatu, bi dendak jaso,... Toki hauetan elur asko urtu behar da, denda barruan, gasolinarekin dabiltzan su batzuekin. Bakoitzak litroko termoa eta litroterdiko kantinplora generamatzan. Behin abiatuta bi orduro edo geratu egiten ginen. 10 bat minutu, ordu laurden: zerbait pikatu, te edo zopa hartu,... Egunean zortzi bat ordu ibiltzen ginen, azken egunetan gehiago. Lera bakoitzak hasieran 50-60 kilo zituen.
Eskiekin aldapa gora nabarituko zen, ezta?
Jela hain da gogorra, ematen duena baino errazago eramaten da lera. Elur biguna balego ez genuke indarrik eramateko. Itsasotik 1.350 metrora lauzpabost egunean joan ginen, lasai. Kranpoiak ere eraman genituen, glaziarraren hasieran eta bukaeran bazeudelako paso zail xamarrak, serakak eta abar.
Itsasoan ez al zenuten hondoratzeko beldurrik izan?
Han izan ziren beste batzuk saiatu ziren itsasoan zuloa egiten, ia bi metroko zuloa egin eta ez zuten urik harrapatu.
Eguraldiaren baldintzak oro har onak izan zenituzten? Zailtasunik handienak zeintzuk dira?
Haizerik txikiena ere asko nabaritzen da tenperaturan, sentsazio termikoa haizearen araberakoa da. Beldurra haize katabatikoari genion, aurreko astean izan zelako. Haizeak dendaren bat hondatuz gero, gertatzen zena gertatuta ere, gure bidea jarraitu beharko genuen, han ez dago eta atzera egiterik. Atzera egitea Ipar Polo aldera joatea zen.
Zero azpitik egingo zuen ezta?
Bai, egunero
Eta egunik hotzenean?
21 gradu zero azpitik. Baina bataz beste hamar bat gradu ziren. Bankisan (itsaso izoztuan) 5-10 gradu eta glaziarrean 15-20 zero azpitik, han nabaritu genuen hotzik handiena, batez ere iluntzean eguzkia apur bat jaistean. Dena den, uste genuen handiagoa egingo zigula. Hotz gehiago soportatzeko arropa eraman genuen eta lo-zaku berri batzuk. Oso onak dira, baina ez dira erabilgarriak beste tokietan, bolumen handia dute eta lau kiloko pisua. Pentsa horrelako leku batean eta gauean batere hotzik pasa gabe,... Ondo lo egiteak laguntzen du.
Ez al zenuten hartzen beldurrik?
Bankisan arriskua bazen, baina ez genituen ikusi. Aurreko asteko espediziokoek zakur bat utzi ziguten, gauean itsaso gainean lotan geundela hartzen bat etorriko balitz zakurrak gu ohartarazteko. Bi erriflerekin joan ginen, sprayak,... Svalbard-en izan ginenean hartzaren urrats batzuk ikusi genituen. Orduan. lehenengo egunetan, goardiak egiten genituen, txandaka egiten genuen lo. Gerora joan zitzaigun hasierako beldurra.
Bestela, txori batzuk ikusi genituen glaziarrean, elurretako erbi bat, fokak,... gu hurbildu ahala ezkutatu egiten ziren.