“Erretratugintzan hasi nahi duen Figura”

jon-altuna 2009ko uztailaren 24a

Juan Carrillo deitzen da, baina denek "Figura" deitzen diote. Lasarte-oriarrak beti izan du marraztu eta margotzea gustuko, baina langabezian dagoenez erretratu eta margo-lanak egitetik bizi nahi du. Orain arte oparitu egiten zituen lanak, orain bere ogibide bihurtu nahi du. Afizioa ofizio bilakatu. Ahoz aho ari da zer egiten duen jakinarazten eta momentuz egin ditu lanen batzuk.

Pertsonen aurpegi edo erretratuak egiten ditu, potretak, nahi den edo aukeran duen materiala erabiliz. Izan daitezke, klera edo klariona, ikatz ziriak eta emakumeek begiak edo ezpainak perfilatzeko erabiltzen dituzten arkatzak. Baina baita olio-pinturak, tenperak eta beste edozein eratako margoak koloretako irudiak egiteko.
Eta edozer marrazteko-margotzeko prest dago, aurpegiak, erretratuak, muralak,... Txiki txikitatik margotzen du eta orain arte ere denetarik egin du. Bere hainbat marrazki eta margo daude munduan zehar barreiaturik. Egurra ere lantzen du, eskulturaren bat, irudi txikiak, makilak,... egin ditu. Bestalde, kristalezko edalontzietan marrazkiak grabatzen ditu diamantezko tresna bat erabiliz. Tabernarientzat egin ditu edalontzi berezitu horiek.
Azken hamarkadatan denetarik egin du: Desorden musika taldearen lehen maketaren portada eta Oi! izena zuen fanzinearena ere bai. Edo liburuen orrialdea markatzeko erabiltzen diren orrialde-marka edo bookmarks delakoak ere egiten ditu sendagileek eztarria begiratzeko erabiltzen dituzten makilatxoekin, mingaina zapaltzeko egur horiek landuz. Gero itzalak edo koloreak ematen dizkie.
Erretratu bat egiteko eskatzen diotenean, argazkia erabiltzen du normalean: "Erosotasuna- rengatik da, denbora behar dut eta hobe da, hainbeste denboran pertsona bat geldi edukitzea baino, argazki batetik egitea".
“Lan bat egiteko zenbat denbora behar dudan? Hori lanaren eta norberaren aldartearen araberako da. Ez zait nire buruari presa sartzea gustatzen, askotan, presaka arituz gero, arte lana izorratu egiten dut eta. Bere denbora utzi behar zaio. Horregatik, lanen bat urtebetetzeren baterako denean aurretik denborarekin emateko eskatzen dut" kontatu digu “Piurak”.
Marraztu eta margotzetik bizitzea erabaki zuenetik pasa diren sei bat hilabete hauetan, ez du lan askorik izan. Agindu batzuen zain da, ordea. "Lehen erretratuak oparitu egiten nituenean jende askok eskatzen zizkidan. Orain ia inork ere ez".

Margo lanak opari

Bere marrazki eta margoak leku askotan daudela dio "bat Venezuelan dago, bulegoetan, dendatan, tabernetan,... Zerbait egin eta ez naiz sekula berarekin geratu, beti oparitu izan ditut". Bere lanak dituztenei esaten die ondo gordetzeko lan horiek, bera hil eta gero asko balioko dutela eta. Bien bitartean, ez du lan bakoitzeko askorik eskatzen. Materialaren eta lanaren arabera, baina gutxi gorabehera 200 bat euro zuri beltzean egiten dituen lanengatik, eta 300etik gora, koloretan egindakoengatik. "Badira material batzuk garestiagoak eta horiek ere salneurria aldatzen dute".
Juan itxaropentsu da eta gogor heldu dio zereginari. "Pobrea izan naiz beti eta edozerekin baliatzen ikasi dut. Edozein leku edo euskarritan eta edozerekin marraztu-margotu daiteke. Kafe ale batekin ere margotu daiteke".
Eraikuntza lanetan aritu da beti, zuloak egiten. Batzuetan lehergaiekin ere bai. Orain osasunez ez da oso indartsu ikusten, nahiko baldartuta sentitzen da 43 urterekin eta erretratugintzan murgiltzea erabaki du. Ahalegin bat egingo du eta itxaropentsu da. Zerbait egin beharra du bizitzeko, seme-alabak jada koxkortuta baditu ere.

Ikasketak

Andoaingo Lasalle ikastetxean ikasi zuen eta han izan zuen lehenengo aukera laminak margotzen zuen trebezia erakusteko. Gero delineatzen ikastea erabaki eta ikasturte bat aritu zen. Utzi eta ondoren Arte eta Dekorazioa hasi zuen akademia batean. "Jarraitu banu, Bilbo edo Bartzelonara joan beharko nuke. Marraztu behar zenean ondo moldatzen nintzen, baina ukalondoak iltzatu behar zirenean gaizki. Ikasturte eta erdi egin eta utzi nuen."
Donostian pintura irakasle partikularra izan zuen, Kontxita Mato, "tapizeak egiten, modelatzen, margotzen, koloreak nahasten, artearen hainbat arlo erakutsi zizkidan". Egurrarekin edo igeltsuarekin eskulturak ere egin izan ditu eta pare bat erloju ere bai. "Gauza asko nire kontura ikasi ditut, egurra edo metalak lantzen, igeltzua zizelkatzen edo kristala grabatzen esaterako". Animaliak ere egin ditu, behin zakur bat margotu egin zuen, makila baten heldulekuan zizelkatu eta edalontzi baten kristalean grabatu.
Bere itxurarengatik umeei hasieran beldur apur bat eragiten diela aitortu digu, baina gero papera eta boligrafoa hartu eta marrazkiak egiten hasten bada, jada ez direla berarekin aspertzen. Berak alde egin behar izaten omen du.