Mugica jauna, nor ari da gezurretan?

Txintxarri Aldizkaria 2009ko uztailaren 28a

Ezker abertzaleko zinegotziek, Iñaki Mugica, Hirigintza batzordeko buruari, gezurretan nor ari den eta Okendoko lanak urbanizazio planik gabe hasi direla gezurra ote den argitu dezala eskatu diote. Mugica zinegotziak Ezker Abertzaleko ordezkariak gezurretan ari direla adierazi zuen aurreko astean, baina hauek erantzun eta berriro eskatu diete Udal agintariei, beste herritar guztiek bezala, araudiak errespetatu ditzatela eta ez dezatela baimenik gabe lanik hasi.

Ezker abertzaleko Joxe Goikoetxea, Ixiar Iartza eta Txanpi Baztarrika zinegotziek bost galdera luzatu dizkiote Iñaki Mugica Hirigintza Batzordeko buruari. "Mugica jauna, nor ari da gezurretan? Gezurra ahal da Okendoko obrak urbanizazio planik gabe hasi direla? Gezurra ahal da uztailaren 9ko batzordean astebete barru Murias entrepresak proiektua aurkeztuko zuela esan zenuela eta gaur oraindik ez duela aurkeztu? Gezurra ahal da urbanizazio plana Murias entrepresak egin behar duela, eta proiektu hau atzeratu egingo dela? "denok suposa dezakegu, Murias entrepresak zergatik ez duen proiektua aurkeztu, egoera den bezelakoa da" udal arkitektoak azkeneko batzordean esana. Hau ere gezurra al da Mugica jauna?
PSE-PSOEko agintariek edozein herritarrek bezala arauak bete ditzatela eskatzen dute ezker abertzaleko ordezkariek: "Inozokeri eta txiste txarrik ez Mugica jauna, guk ez dugu Okendoko bizilagunen artean gezurrik, eta alarmarik sortu ezta sortu nahi ere. Eskatzen duguna eta gobernu batzordeak bermatu behar duena, berritze lan horiek, legalitate osoan egitea da. Herritar orok pausoz pauso bete behar ditu betebeharreko tramiteak, eta udalak?"
Ezker abertzaleko hiru ordezkariek argitaratu duten salaketan galdera gehiago daude: "Lanera gentozela esan genuen lehen egunean, eta horrela ari gara, ala hori ere gezurra da? Bi urte hauetan ez ahal dugu gure lana ardura osoz bete Mugica jauna? Gogorazi behar dizugu bigarren indarra garela udaletxe honetan eta guztiz bazterturik gauzkazuela eta hori zuen ardura da. Pentsatzea ere galerazi behar diguzue?Agian hori nahi duzue, horrela ohituak baitzaudete, zuen "cortijoa" inongo kritikarik gabe antolatu eta gestionatzen".
Zinegotzi abertzaleek ez dute epaitegietan salaketa jartzerik baztertzen. "Oposizio bezala gure lan nagusiena, gure ardura, zuen lana eta erabakiak gainbegiratu, eztabaidatu eta gustatzen ez zaiguna berbideratzen saiatzea da eta bestela herriaren aurrean salatzea; eta horixe ari gara egiten. Garbi daukagu Mugica jauna zuek ez duzuela gai honetan ze pausu eman behar ditugun erabakiko, hori gure erabakia izango da eta ardura osoz egingo dugu salaketa publiko eginez edo epaitegietara joanda".
Bestalde, Mugica alkate-ordeak emandako erantzun azkarrak harritu egin dituela diote Goikoetxea, Iartza eta Baztarrikak. "Ze orain arte, prentsa bidez kritikatu eta zabaldu ditugun gaietan ez duzue horrela erreakzionatu; atez ate plangintza eza, kultura ekitaldietako dirulaguntzen kriterio partziala, Teresategin industrialdea, euskara planak… Egiak ziren? arrazoi genuen? hori pentsatu beharko dugu edo zuentzako bigarren mailako gaiak dira eta ez zaizue gehiegi axola?"
Bukatzeko Ana Urchueguia alkatesari zera esaten diote: "Urchueguia andrea agian zure azken agintaldian gaude eta zure obra maestra eginda bukatu nahi duzu agintaldia? Ba gauzak ondo egin.