Sei hilabetetarako kontratatu dituzte Villa Mirentxun lanean arituko diren lau minusbaliatuak, uztailaren 13tik urtarrilaren 12ra bitartean izango dute kontratua. Udalak bultzatu duen programaren helburua integrazioa da, hau da, minusbaliotasuna dutenak lan munduan sartzeko dituzten zailtasunei aurre egin nahi zaie, hau da, pertsona horiek lanean hastea bultzatuko da.
Bestalde bigarren programa bat ere jarri da martxan uztailaren 20an langabetuei lana emateko. Datozen lau hilabeteetarako, eraikuntzarako bost peoi eta lan ezberdinetarako zazpi laguntzaile kontratatu ditu Udalak.
Programa, INEMak eta Europako Gizarte Funtsak batera finantzatzen dute. Ana Urchueguíak azaldu duenez, "administrazio publikoan eredu izateko xedea dugu eremu pribatuan ere minusbaliotasun bat duten pertsonak kontratatu ditzaten".
"Ikasketa oso baliagarria egiten dute gero lan mundura sartzeko, eta lan bikaina egiten ari dira informatizatzen eta dokumentazioa artxibatzen", adierazi du alkateak.
Udalak programa hauek aurrera eramaten ditu 1986an eratu zenetik, baina azpimarratzekoa da aurten berrikuntza moduan proiektuetako bat minusbaliotasun bat duten pertsonetan oinarritu dela.