Emakumeentzat aukera zabala Zentro Zibikoan

Txintxarri 2009ko uztailaren 28a

Ekintza desberdinak ordutegi zabalarekin prestatu ditu Emakumeen Zentro Zibikoak oporrak bukatu eta 2009-2010 ikasturteko lehenengo hiruhilabeterako.
Lasaiak edo gorputzari pixka bat eragite jarduerak, hala nola, batuka, antzerkia, kantua, eskulan batzuk, yoga, pilates, bolioak, tai-chi, ipuinterapia edo sevillanak.
Jarduera batzuk doanekoak izango dira mantentzeko gimnasia, osteguneko eskulanak, frantsesa, orratz-lanak, ebaketa eta jantzigintza, bideoforuma, jantzi konponketak eta patroiak, irakurketaren txokoa eta ihauterietako konpartsa, esaterako, baina, hala ere parte hartu nahi izanez gero izena ematea beharrezkoa da tokia gordetzeko.
Ordaindu beharreko kuota ikastaro kopuruaren araberakoa da, zenbat eta gehiago egin merkeagoak ateratzen dira: 37,20 euro ordaindu behar dira jarduera bat egiteko, 44,50 euro bi jardueratan parte hartzeko, 48,70 euro hirutan izena emateko eta 51,90 euro lau ikastarotan edo gehiagotan izena emateko.
Emakumearen Zentro Zibikoan bertan egin behar da inskripzioa, irailaren 1etik 11era, goizeko 9:30etatik 13:30ak arte eta arratsaldeko 15:00etatik 20:00ak arte.