Iñigo Arluziaga eta Imanol Bardaji, txapeldun palan, gomazko pilotarekin

jon-altuna 2009ko uzt. 28a, 02:00

Gomazko pilotarekin jokatutako Lasarte Oriako XVIII. Pala Txapelketako finalean herriko jokalarien maila ona ikusi ahal izan zen. Michelingo frontoian bildutako ikusleen aurrean Iñigo Arluziaga eta Imanol Bardaji nagusitu ziren Xabier Etxezarreta eta Mikel Bardajiren aurrean partidu luze, gogor eta berdinduaren ondoren. Aurrelariek tanto oso politak egin zituzten, baina amaieran finaleko jokalari onena izendatu zuten Imanol Bardajik erabaki zuen azken tantoetan. Bi pareta egin eta ondoren txokoan moztuta lortu zuen azkena. Ikusgarria.
Gomazko pilotarekin urtero jokatzen den txapelketaren XVIII. edizioa, Okendon hasi eta Michelingo frontoian amaitu da, baina finalerdietan zein finalean ikusleek ez dute hutsik egin eta giro bikaina izan da.
Pala txapelketako final ona jokatu zuten lau finalistek igande arratsaldeko 19:15tan hasita Michelingo frontoian eta hainbat gorabehera izan ziren markagailuan. 5-5 berdinketara arte txandaka aritu ziren, batzuek eta besteak aurretik. Gero 17-17ra arte galtzaileak, urdinez aritu ziren Mikel eta Etxezarreta jarri ziren aurretik, gehienez sei tantotako aldearekin 6-12, 7-12 eta 8-14, baina Imanol eta Arluziagak berdindu eta 22-17 jarri ziren aurretik, 23-18 ere bai. Dena den, berriro urdinek berdindu egin zuten, 23-23. 26, 27 eta 28 tantotara ere berdinduak izan ziren, baina hor ihes egin zuten gorriek eta azkenean 35-31 irabazi zuten.

Lau jokalariak ondo
Bi aurrelariek Imanol eta Mikel Bardaji lehengusuek tanto ikusgarriak egin zituzten aurrean, batzuetan kale egin bazuten ere. Imanolek kale gutxiago egin zituen eta horrek eman zien txapela.
Atzelariak oso seguru aritu ziren eta errebotera heldu ziren hainbat pilota eraman zituzten. Garbi dago pilotariak ondo egokitu zirela frontoi berrira. Batetik bi pareta eta moztutako zenbait pilota ikusi ziren eta bestalde guztiek pilota zail asko altxa zituzten. Epaileak, Jose Felix Solano eta Patxi Castro izan ziren.
Aurretik, arratsaldeko 18:00etan hirugarren portua erabaki zuen partidua jokatu zen eta urdinez aritu ziren Jon eta Mikel Begiristain nagusitu ziren 26-35 Alain Etxebeste antolatzailearen eta Xenki Astiazaranen aurka. Azken hau Mikel Lizasoren ordez aritu zen.
Finalaren ondoren parte hartzaile guztiek sari bana jaso zuten. Aipamen berezia egin zioten Martin Iparragirre eta Juantxo Prietok osatutako bikoteari: “Ez dira jokalari hoberenak, ezta txarrenak ere, baina urtero urtero umore onarekin etortzen dira jolastera. Galtzen dutenean ez dira haserretzen eta irabazten dutenean festa haundi bat prestatzen dute”. Bestalde, sari berezi bat eman zioten Aimar Lizasori, Michelingo markagailuan aurten izan duten laguntzaile berezi eta txikiari.
Zozketetan hiru zenbaki atera ziren, lehenak abuztuaren 15era arte balio du, bigarrenak irailaren 1era arte, hirugarrenak irailaren 16ra arte. Hauek dira: Txitxardin Beltza jatetxean afaria bi lagunentzat, 103, 368, 607. Etxezarreta harategiko labeldun produktu sorta, 631, 573, 201. Eroski Bidaiak-en oparitxoa, 143, 115, 298.