Marilyn Paradisek duela zazpi urte Nerea Amenabar lasarteoriatarra ezagutu zuen Renon. Bere ingeleseko irakaslea izan zen eta geroztik harreman estua izan dute. Horregatik, ekainaren bukaeran, Marilyn, alaba Megan eta hiru bilobak Emma, Joe eta Amaia Nerearen etxean egon ziren Euskal Herria ezagutzeko asmoz. Egun horietan, Gloria Totoricaguena Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko zuzendaria ere Euskal Herrian zegoen eta bertan Lasarten batu ginen guztiekin.
Marilynek azaldutakoaren arabera, bere bigarren aldia zen eta alaba eta bilobena, ordea, lehenengoa.
“Haurrek ETB ikusi zuten Gabonetan Internet bidez eta patata tortila ere ezagutzen zuten,” adierazi digu Meganek eta etortzeko gogoak zituztela ereaipatu digu, “txikienak, bereziki. Bere izena nondik datorren jakin ahalko baitzuen.”
Arbasoak eta euskara
Bere arbasoei buruz galdetu eta “Amona Eugikoa zen eta aitona Maulekoa. Nire euskal abizena Aznarez da,” erantzun digu.
Haien historioa ere azaldu zigun, ”aitonak Nevadan anaia zuen, dirua lortzeko joana. Amona, berriz, 25 urterekin iritsi zen Kaliforniara eta garbitzaile eta sukaldari lanetan egon zen. Barkuan joan zen eta zorabiatua iritsi zen EEBBetara, gaizki zegoen baina ez zuen atzera egin eta EEBBak trenez igaro eta Kaliforniara iritsi zen. Aitona Kaliforniara iritsi zen zuzenean. San Franciscon ezagutu eta ezkondu ostean, Nevadara joan eta bertan geratu ziren. Baserriak, ardiak eta mendiak ikusi eta aproposa zela iruditu zitzaien, Euskal Herriaren antzekoa eta bertan geartu ziren.”
Euskal Herriari buruz hitz egiten al zioten galdetu eta “hitz egin zidaten,” erantzun digu.
Baina euskarari buruz galdetzerakoan gutxi entzundakoa dela aipatu du, “aitona-amonak bere artean gazteleraz hitz egiten zuten, bakoitzak bere euskalkia zuen eta ulertzeko errazago zitzaien gazteleraz egitea. Horregatik, gauza batzuk ulertzen ditut”.
Egun EEBBEtan hizkuntza galdu dela ere adierazi digu, “txikia nintzenean ardizainen artean euskaraz hitz egiten zuten. Amona 1909an iritsi zen Amerikara eta orduan euskaraz hitz egiten zen. Artzainak aurkitzen zirenean euskaraz hitz egiten zuten Nevadan. Ez dakit zergatik utzi zen euskaraz hitz egiteari. Agian gaztelera eta ingelesa zirelako hizkuntza erabilienak Nevadan.”
Arbasoei buruz hitz egiten, Marilynek amonaren errezetak aipatu zituen, ”amona oso sukaldari ona zen eta ezagun asko etortzen zirenean euskal janaria egiten zuen. Berak ez zekien ez idazten, ezta irakurtzen ere. Beraz, jendeari erakutsi zion eta gaur egunera arte mantendu dira, esate baterako, txorizoa. Beste leku askoretan egiten dira, baina ez dute zer ikusirik amonak egindakoekin.”
Gloria Totoricaguena Center for Basque Studies-eko zuzendariak azaldutakoaren arabera, “txorizoa ez da hemen egiten denaren antzekoa, han saltxitxa antzekoa da, ez du ia minik eta beroa jaten da.”
Euskal diaspora
“Renoko euskaldun taldea handia da eta kultura mantentzen saiatu gara. Unibertsitatean ere ikasketak daude, EEBBetako hoberenak, nire ustetan” zioen euskal diasporari galdetzean.
Gloria Totoricaguena hoberenak direla onartu eta “unibertsitate askotatik datoz, bertara ikastera eta horrek ematen dio garrantzia. Doktoretza egitera ere Reno eta Nevadara datoz,” azaldu zuen.
Era berean, EEBBetako diasporari buruz ere azalpenak eman zizkigun, “EEBBetako mendebaldean, Nevadan Idahon eta Kalifornian euskal kolonia handia dago.”
“Boisen emigrante berriak daude eta Renon 1900 urtean iritsitakoak, beraz, Reno originalagoa da,” azpimarratu eta zera gaineratu zuen, “euskal jendeak gauza garrantzitsuak egin eta egiten ditu Nevadan, historikoki, ekonomikoki eta politikoki. 1900 urtetik aurrera, bertan finkatu eta Marilynen aitona-amonek bezala, herriak sortu zituzten.”
“Garrantzitsua da azpimarratzea, hemengo kultura eta egun EEBBetan dagoena ez dela bera. Lehenengo emigranteek sortu zuten beraien kultura bertan eta hori da mantendu dena,” adierazi du Gloriak.
Euskal jaialdiak
Honekin lotuta, Renon, uztailean, 25 eta 26ean euskal jaialdia egongo zela aurreratu ziguten. “Bi egun, dira, lehenengoan bilkurak egiten dira eta bestean festa. EEBBetako euskaldunak hurbilduko dira Renora,” esan zigun Marilynek.
Honela, urtero Renon herriak euskal kultura ezagun dezan euskal festa egiten dela azaldu digute, “euskal dantza taldea dago, txingak, aizkolariak, zahagitik ardoa edatea...”
Honetaz gain, Gloriak “herrietan urtero egiten da jaialditxoa, baina Boisen izaten da nagusia 5 urtean behin,” esan zigun.
Euskal arbasoak dituztenen artean harreman estua dagoela eta guztiak ezagutzen direla azpimarratu du Marilynek.
“Jaialdietan ere elkar ikusten dugu eta norbaiten abizena Ibarrengoitia baldin bada, Eskoziarra ez dela badakizu,” adierazi zigun Gloriak.
Nahiz eta abizenak mantendu, arestian esan bezala euskara ez da hitz egiten. Hala ere, “euskara ikasteko euskal etxeetan aukera dago eta internet bidez ere posible da. Ikastola birtualari dago eta bakoitzak bere kabuz ikasi dezake. Gainera, Elkon badago euskarako irakasle bat,” esan zuen Gloriak.
Bidaia eta ezberdintasunak
Diasporako kontuak alde batera utzi eta bidaiari heldu genion ostean.
“Hernanin egon gara, San Juan sua ikustera joan ginen eta, Emma eta Amaiak euskal dantza taldean daudenez, dantzak ezagutu zituzten,” aipatu zuen Marilynek.
“Oso gustura ibili dira haurrak, lekuak bisitatu eta euskarako hitz batzuk ere ezagutu dituzte aste honetan,” adierazi zuen Meganek.
Gainera bertan ohitura ezberdinak daudela ere ikasi dute, “esatea baterako, Renon 19:00tan afaltzen da eta ez dauzkagu ogia edo opil freskoak egunero,” zioen Meganek.
“Gainera, hondartzara joan eta oso jantziak ginela konturatu ginen. Hurrengoan bikinia erosi beharko dugu. Eta hondartzan aldatzen ere ikasi dugu,” esan zigun barre algara artean Marilynek.