Asteburu osoan denboraldiz kanpoko arropa edo edozein modutako pagotxak erosteko aukera emango du bigarren edizio honek.
Pilotalekuan
Iaz Michelingo teniseko pistan burutu zen ekintza, baina lehenengo edizioko partehartzaileen iritzia kontuan hartu dute antolatzaileek eta kirol gune bereko pilotalekuan egitea erabaki dute. Stock eta Saldoen II. Azokaren ordutegia larunbata eta igandeean bera izango da, 10:00etatik 20:00etara.
Azokara hurbiltzen diren herritarrek erosketak egiteaz gain, musikaz ere gozatzeko aukera izango dute eta edariak saltzeko dendatxo bat jartzeko asmoa dagoela ere aurreratu digute antolatzaileek.
Parte hartzea
Hogei bat postu izango dira bertan, arropa, oinetakoak, akzesorioak, irudi eta soinuko gaiak eta abar saltzeko.
Aterpea Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalaren Merkataritzako Departamentuak Lasarte-Oriako herritar guztiak eta inguruetakoak aukeren azoka handi honetara hurbiltzera gonbidatzen ditu. Izan ere, benetako pagotxak eta saldoak erosi ahal izateaz gain, haurrek jarduera mordo bat izango dute gozatzeko. Ludoteka, koltxonetak, trizikloak, bolazko igerilekua eta lantegi pila bat izango dira 2tik 6ra urteko haurrentzat. Zaharragoek, 7tik 12ra urtekoek, kamisetak eta txapak egiten ikasiko dute, eta karaokearekin gozatzeko modua izango dute.
Zozketa
Azokara sartzeko txartelak euro baten prezio sinbolikoa du, eta feria amaitzean, lau sarrera bikoitza zozketatuko dira "Relax gastronomiko" tratamendu bat gozatzeko Orioko Balea Bainuetxean sarrera-txartela ontzian utzi duten etorritako guztien artean•