Zaldi denboraldia bukatu da

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ira. 6a, 02:00

Donostiako Hipodromoko zaldi denboraldia asteburu honetan bukatu da. Uztailak 12tik irailak 5era arte 72 lasterketa ikusteko aukera izan dute zaldi lasterketen zaletuek.
Ikusle ugari egon da denboraldi osoan, Urrezko kopa egunean batez ere, eta horietako asko Lasarte-Oriako zaletuak iz an dira noski.
Jardunaldi interesgarriak eta lasterketa biziak ikusteko aukera egon da aurten. Probatan ongi kokatua egotea eta barrutik joatea erabakiorra izan da.
Honela, lasterketa ugaritan azken metroak garrantzitsuak izan dira eta bat baino gehiagotan argazkiak erabaki du garailea nor zen.

Sari nagusiak

Aste nagusiko egunetan egon zen ikusmira eta ikuskizunik handiena.
Esate baterako, abuztuaren 9an, Kutxa sarian, lasterketa ikusgarria egin zuen You or no one behorrak eta hamabi zaldiko tartea atera zion bigarrenari.
41. Urrezko kopa proban, abuztuaren 15ean, lasterketa interesgarria ikusi zen. Azkeneko zuzenean Young Tiger zaldiak eta bere jockeiak guztiak garaitu eta hiru zaldiko tartearekin iritsi ziren helmugara. Lehenengo aldia zen 8 urteko zaldi batek sari hau eskuratzen zuena.
Bestalde, abuztuak 23ko jardunaldian, Aranel zaldiak Estatuko azkarrenaren tituloa eskuratu zuen Eusko Jaurlaritza saria irabazterakoan. Eta, honek ere, azken metroetan lortu zuen garaipena.
Eta, azkenik, abuztuaren 30ko Nazioarteko Kriteriumean azken 200 metroetan erabaki zen. Azkenean, Aratan zaldiak buru bateko distantziaz Krilin menderatu zuen.

Romani omenaldia

Larunbatean, Donostiako Sari Nagusia jardunaldian Real Sociedad Futbol taldearen mendeurrena ospatu zuten Hipodromoan.
5. lasterketan eman zen Donostiako Sari Nagusia, eta sari-banaketaren ondoren azken hamabi urtetan Lasarte-Orian bizi den Roman Martin prestatzaileari omenaldi beroa egin zioten. Hipodromoan bertan eta honen alde eginiko lana eskertu nahi izan zioten antolatzaileek omenaldiarekin.