Atzera kontua Saharako haurrentzat

Nerea Eizagirre 2009ko irailaren 7a

Dalahi, Dahsalama, Brahim, Fahda, Umujutha, Abdel Wadud, eta Ma-alinin dira Oporrak Bakean egitasmoari esker Lasarte-Orian egon diren Saharako zazpi haurrak. Ostegunean etxerako buelta egingo dute eta, horregatik, haiekin bildu gara bi hilabete hauek nola igaro dituzten jakiteko.

Goizeko txokoak bukatu ostean, Saharako haurrekin hitz egiteko astia izan genuen lehengo ostiralean. Nahiz eta goiz osoa Andoaingo igerilekuan igaro, oraindik indarrez beteta zeuden. Galdera bat egin eta guztiek batera erantzun nahi zuten.

Jarduerak

Udalak eta Sahararen lagunak elkarteak duten Oporrak Bakean egitasmoari esker, uztailean iritsi ziren Lasarte-Oriara zazpi haurrak.
Bi hilabete hauek nola igaro dituzten galdetzean guztiek batera gauza bera erantzun dute “oso ongi” eta ostean bertan oso gustura egon direla ere adierazi digute.
Izan ere, gure artean igaro dituzten egunotan ez dute aspertzeko astirik izan. Jarduera ugari egin dituzte Lasarte-Oria eta inguruko herrialdeetan, Andoainen batez ere. Txangoak, futbol partidak eta igeri egiten ere ikasi dute.
Ikastaroan “oso ongi pasa genuen” aipatu digute eta ordudanik igeriketan asko ibili direla ere azpimarratu dute, “hondartzan eta igerilekuan.”
Hondartzan gainera, olagarroak eta karramarroak ikusi zituztela adierazi digute, baita igelak ere.
Honetaz gain, mutilek lehengo ostegunean Andoainen futbol partida jokatzeko aukera izan zuten. “Talde ezberdinetan jarri eta batak besteen aurka aritu ginen,” esan digute.

Etxera buelta

Nahiz eta gure artean primeran pasa, etxera bueltatzeko irrikitan daudela ere azpimarratu dute, “familia, anai-arrebak eta lagunak ikusteko gogoa dugu.”
Eta atzera kontua hasi da. Hauetako haur batzuentzat gainera azken urtea da eta berriro ere hona etorri ezinak pena handia ematen diela onartu dute, “familiekin harreman ona izan dugu eta pena ematen digu.”
Azken egun hauetan batetik bestera ibiliko dira. “Tolosan eta Andoainen egingo diren festetan parte hartuko dugu,” aipatu digute,
Ostegunean, berriz, zazpiek harrera etxea utziko dute Tindoufeko kanpamentuen egunerokotasunera bueltatzeko. Maleta jostailuz, arropaz eta Lasarte-Orian igaro dituzten egun hauetako oroitzapenez beteta eramango dute noski.