Honetarako, Udalak ,Euskara Batzordearen bidez, euskara ikasi edo hobetu nahi duen herritarrei zuzendutako diru-laguntzak jarri ditu abian.
Onuradunak
Bi laguntza ezberdin bereizten dira. Batetik, Lasarte-Orian erroldatutako guztiek eskuratu dezaketena, hau da, matrikularen %40ra arteko diru-laguntza.
Eta bestetik, euskara bere egunerokotasunean erabili behar dutenentzat, hau da, 5 urte edo gutxiago dituen haur baten gurasoek, Lasarte-Oriako udalerrian dagoen establezimendu edo enpresan langileek eta eskola-orduz kanpoko jarduera batean dabiltzan begiraleek, beti ere, jarduerak sei hilabeteko iraupena baditu eta haurrekin edo gaztetxoentzat astean 4 orduko harreman zuzena baldin badute.
Honi esker, matrikularen %75 arteko diru-laguntza lortu dezakete onuradun hauek.
Baldintzak eta eskaera
Diru-laguntza horien onuradun izateko baldintza batzuk bete behar dira, Udalarekin inongo zorrik ez izatea, 16 urteak beteak izatea ikastaroa bukatu baino lehen, ikasketa ofizial edo homologatua eskaintzen dituen euskaltegi batean matrikula ordaindua izatea eta ikastaro osoan, gutxienez, %90ko asistentzia izatea.
Eskaera egiteko asmoa duenak, lehenik, HABEk homologatutako euskaltegietako batean izena eman behar du.
Lasarte-Orian bi euskaltegi daude baldintza hori betetzen dituztenak, Udal Euskaltegia eta Muntteri-AEK euskaltegia. Baina ez du zertan herriko euskaltegia izan behar diru-laguntza eskatzeko.
Halaber, diru-laguntzen eskaera ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu behar da Udaleko Erregistroan dagokion agiri guztiekin batera.
Herriko eskaintza
Honela, arestian aipatu bezala, herrian bi euskaltegietan izena eman daiteke gerora laguntzen onuradun izateko, Udal Euskaltegia eta Muntteri-AEK euskaltegia.
Eskaintza zabala dute Lasarte-Oriako bi euskaltegiek. Besteak beste, euskalduntze eta alfabetatze maila guztiak, mintza praktika egiteko aukera, auto-ikaskuntza, hizkuntza eskakizunak eta HABEren 1,2 eta 3 maila azterketak gainditzeko ikastaroak, baita euskara erabiltzeko eskolaz kanpoko hainbat jarduera ere.
Izena ematea
Eta euskara ikasteko eta laguntza eskatzeko asmoa dutenek, orain dute pauso hori emateko aukera. Izan ere, euskaltegietan matrikulatzeko epea ireki baitzen hilaren hasieran.
Udal Euskaltegian izena emateko Bekokale bide 1 zenbakira, hau da, Osasun Zentro berriko eraikineko hirugarren solairura hurbildu behar dira interesatuak 08:30etatik 19:15etara, irailaren 20a baino lehen.
Era berean, informazioa nahi dutenek 943 361 621 telefono zenbakian edo euskaltegia@lasarte-oria.org helbidean izango dute aukera.
Muntteri-AEK euskaltegian, berriz, hilaren bukaera arte eman daiteke izena.
Honetan, hiru modu daude matrikula egin edo informazioa eskuratzeko, batetik euskaltegira Geltoki kalea 17 zenbakira, goizez 11:00etatik 13:00etara edo arratsaldez 18:00tik 20:00etara hurbiltzea, 943 372 863 telefonora deitzea edo lasarte@aek.org posta elektronikora idaztea.
Anima zaitezte euskara ikastera!