Zaletasuna aitarengandik datorkio Unai Lasarteri. 31 urte ditu, aitak bandera irabazi zuenean oraindik ez zen jaio, baina aitaren bideari heldu dio. Orion ari da arraunean eta bere helburua egunen batean Kontxako bandera eskuratzea da. Aitortzen du horixe litzatekela gorena. Aita arraunlaria argazkietan bakarrik ikusi du, baina beti entzun ditu arraun kontuak etxean.
Noiztik ari zara arraunean?
Betidanik gustatu izan zait, aurretik entrenamendu batzuk egin nituen, baina hasi, 2004-2005ean hasi nintzen serio. Gero utzi egin nuen, 2007an berriro deitu zidaten hasteko eta ordutik hor ari naiz.
Nolatan hasi zinen?
Aita, Lasarte-Michelin traineruan ibili zen. Aparte, nirekin Zubietan ikasi zuen oriotar batek beti esaten zidan arraunean hasteko. Txirrindularitzan aritzen nintzen eta bizikletarekin nazkatu nintzenean arraunean hasi.
Lasarte-Orian aspaldian ez da arraunlaririk izan, ezta?
Ez. Lehenago Lander izeneko bat ibili zen Urkin eta aurretik Xabier eta Mikel Arruti ere bai.
Soilik traineruan ari al zara? Ala arraun mugikorrean ere bai?
Orain arte traineruan. Hurrengo denboraldian nahi dut hasi, gustatuko litzaidake ikastea.
Beti Orion aritu al zara?
Bai.
Ia urte osoan eta ia egunero entrenatzen duzue, ezta?
Bai.
Arraunean prestakuntza gero eta zorrotzagoa da, profesionalak, semi-profesionalak edo soilik kirolzaleak, zer zarete?
Gehienbat kirolzaleak. Profesionalak bezala ari gara, horrelakoa da kirol hau; orain ligaxka dela eta, toki batzutan hasi da diru apur bat sartzen, baina ez da beste kirol batzuetan beste, ez eta gutxiagorik ere.
Badakigu kirola oso gogorra dela, nondik datorkizu hainbesteko zaletasuna?
Beti esan didate kirolean "masoka" xamarra naizela, kirol gogor xamarrak gustatzen zaizkit. Arraunean hasi eta harra jada hor daukazu. Behin hasten bazara harrapatzen zaitu. Droga bezalakoa da.
Itsaso txarrari beldurrik izan al diozu?
Ez, ni mendi aldekoa naiz, baserrian bizi naiz, eta itsasoari, errespetoa bai, badiot, baina beldurrik ez behintzat.
Nola joan da denboraldia?
Kosta zaigu. Aurtengo plangintza eta asmoa, Ligan aurrean hastekoa zen, baina urteroko kontuak izan dira, neurrietan ezin asmatu ibili gara. Pisu dezente dago traineruan, 1.90etik gorako bospasei lagun daude,...
Zu ere hortik hurbil izango zara?
Nik 1.85 daukat. Zenbat eta mutil handiagoak, pisu gehiago, eta pisu askorekin arazoak izan ditugu. Puntua bilatu arte, trainerua neurritan jarri eta nibelatze kontuetan asmatu arte, kosta zaigu. Orain badirudi asmatu dugula eta ea zer gertatzen den.
Kontxarako zein itxaropen duzue?
Nik uste gauzak ondo joanda hor ibiliko garela. Aurten maila asko igo da. Iaz aurrean, asko jota, hiru traineru zeuden nibel handiarekin. Aurten lau, bost edo sei. Deskuidatuz gero azpiko zuloan geratzen zara.
Zu zeu, estropada askotan aritu al zara?
Ez askotan, hirutan bakarrik. Bitan aritu nintzen Zumaikoa bertan behera geratu zen eta. Aurten igo naiz lehen taldera, Orio Bn aritu naiz orain arte eta lehenengo urtea izanda zaila da titular izatea, ia ezinezkoa.
Garesti egongo da 13koan sartzea, ezta?
Bai, eta baita lehen taldean sartzea ere. Aurten gutxienez plantilan sartu naiz eta inoiz baino gehiago entrenatu dut. Nire lehenengo helburua hori zen eta gero titular izanez gero, hobeto.
Gainera min hartuta zaude...
Bai, bizpahiru aste daramazkit saihets bateko minarekin. Ez dakit postura txarren batengatik edo... Entrenamendu batean nabaritu nuen molestia txiki bat. Berotan ondo agoantatu nuen, baina ez naiz gelditu eta handitu egin da. Arnasa indartsu hartzerakoan mina ematen dit eta aurreko astean esan zidan medikuak arraunik ez egiteko, bizikletan aritzeko soilik.
Oriok aurretik badu meritu bat: bertako arraunlari kopurua. Gehienok bertakoak ala bertan hasitakoak zarete, beraz, harrobiak funtzionatzen du, ezta?
Bai. Beste klub batzuk, kantabroek, Urdaibaik eta Kaikuk,... diruaren bidez osatzen dute taldea. Baina, Orio, Hondarribi eta aurten San Pedro harrobiko jendearekin ari dira. Gehienbat Orion, infantilak, kadeteak,... jende asko elkartzen da. Futbola baino lehenago arrauna dela esaten dute eta beti atera dira arraunlariak Orion. Asko zaintzen dute harrobia. Nahiz eta beste taldeek dirua eskaini, batzuk behintzat hemen geratzen dira.
Zein iritzi daukazu Orion den zaletasunari buruz?
Gehiegi bizi da arrauna. Udan, traineruarekin serio hasten garenean, plazatik pasatzen gara eta egunero egunero, zaharrak, jubilatuak eta mundu hori gustuko dutenak behintzat, han izaten dira ikusten. Eta entrenadoreak izango balira bezala ematen dute bere iritzia.
Animatu ere animatuko dute?
Bai, animatu eta kritikatu ere bai. Gauzak ondo ez badira ateratzen segituan hasten dira "bua aurten ez dira ondo ibiliko,..." esanaz.
Zaharrek, jakin ere jakingo dute,...
Denetarik dago.
Nola sentitzen zarete arraunlariak zaletasun hori ikusita?
Jendeak segitzen zaituela ikusteak poza ematen du.
Izan al zara sekula Kontxako badian arraunean?
Sailkapen estropadan bai. Orioko klubak Getariakoarekin elkartu eta harrobia lantzeko hitzarmena egin zuen, eta bi urtetan Getarian aritu nintzen. 2007an ia ia sailkatu ginen gainera. Urte hartan ARCko liga irabazi genuen eta lau estropada izan ezik denak irabazi genituen. Orain batzuk Orion titular daude, beraz zeozertarako balio izan zuen.
Zer sentitzen da Donostiako estropadan arraun egitean?
Klasifikatoria bera ere beste gauza bat da, beste edozein estropadaren diferentea. Bai giro aldetik, eta baita bestela ere. Sartzeko aukerak baldin badituzu urduritasun gehiago izango duzu, baina talde asko ahalik eta gauza politena egin eta disfrutatzera joaten dira.
Eta bandera lortu eta altxatzea tokatuz gero...
Izugarria, summum esaten dena litzateke. 2007an bigarren taldekoak ginenez, Orioko balkoian altxa genuen bandera, baina ez da berdina.
Zein garrantzia ematen diozue Kontxako bandera irabazteari?
Dena, denboraldia horri begira prestatzen da. Arrauneko olinpiada dela esan daiteke.
Traineru guztiek egun horri begira prestatzen dute denboraldia, urte osoan dira horri begira.
Gero eta zailago dago apustuetan asmatzeko?
Oso zaila eta aurten gainera, gehiago. Beti izan da zaila baina aurten zailagoa horrenbeste talde on izanda,...
Zein ikusten duzu faborito?
Bi ikusten ditut: Castro eta Kaiku. Eta Orio ere uste dut hor ibiliko dela, aurreneko bi edo hirutan.
Gero ikusi beharko da kaleen zozketan zer ateratzen den, kaleetan aldea egoten da eta: zein marea den, haizeak nondik jotzen duen,... horren arabera aukera gehiago edo gutxiago izaten da. Lehenengo kalea esaten dute txarrena dela, baina hortik aterata ere irabazi izan da, beraz, ezin da esan.
Zein iritzi daukazu Euskal Herrian apustuak egiteko dagoen zaletasunaz?
Hori betidanik izan da eta izango da. Bere xarma badu, baina bere arriskua ere bai. Garai batean tongoak ere izan ziren. Niri ez zait gustatu sekula, baina jende askoren artean xarma du. Herri kiroletan beti izan da apustua eta beti izango da nire ustez.
Aita arraunlaria izanik, Lasarte Michelin-en garaiaz zerbait gogoratuko duzu, ezta?
Bai uste dut 1973an irabazi zutela Kontxako bandera (1969an ere bai) eta aitak beti esan du amarengatik izan ez balitz oraindik ere arraunari lotuta segituko zuela. Andreak, edo neskak, beti estutzen zaitu: arrauna edo ni, eta utzi egin zuen.
Bera ere harrapatua zegoen beraz?
Bai, Kortak bezala segituko zuela esaten du.
Orain zurekin pozik egongo da, noski?
Bai, oso urduri jartzen da eta bertara agian ez da joango, baina telebistaz estropada guztiak ikusten ditu.