Herriko eta inguruko hainbat merkatarik hogei postu inguru jarri zituzten besteak beste arropa, oinetakoak, osagarriak, bitxiak, irudi eta soinuarekin lotutako produktuak saltzeko.
Iaz feriak izan zuen arrakasta eta harrera onak bultzatuta aurten luzatu egin da Factory Azoka eta asteburu osoan izan da zabalik egun osoz, larunbatean eta igandean 10:00etatik 20:00etara bitartean etenik gabe. Larunbat goizean jende gutxi ibili zen baina arratsalderako herritarrak animatu eta jendearen joan etorria ugaria izan zen Aterpea Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalaren Merkataritzako Departamentuak Michelinen antolatutako azokan. Leku aldaketak ere harrera ona izan du antolatzaile eta herritarren artean.
Haurrentzako txokoak
Gainera aukerako produktu, saldo eta pagotxak lasai begiratu ahal izateko, haur txikientzat hainbat jarduera ere antolatu ziren, ludoteka, koltxonetak, trizikloak, bolazko igerilekua eta tailer ezberdinak. 7 urtetik gorako haurrek ere izan zuten kamisetak eta txapak egiten erakusten zuten tailerretan eta karaokean gozatzeko modua. Bitartean euren gurasoek erosketak lasai egiteko aukera ezin hobea izan zuten.
Tabernatxo bat ere jarri zuten, eztarria busti edo atsedena hartu nahi zutenentzat.
Feriara sartzeko txartelak euro bat besterik ez zuen balio, euro baten truke hainbat ganga erosteko aukera izan zuten Michelingo pilotalekura hurbildu zirenek.
Zozketa
Gainera sarrerekin zozketa egin zuten igande iluntzean. Lau sarrera bikoitza zozketatu ziren Orioko Balea Bainuetxean "Relax gastronomiko" tratamenduaz gozatu ahal izateko. Erredakzioa itxi aurretik ezin izan genuen irabazleen izenak eskuratu, ostiraleko zenbakian emango dugu horren berri.