Hala ere, “gauza asko ikasi nituen 3. mailan. Baina kategoria horietan eragiten duten beste gauza asko dago, taldearen aurrekontuak, esate baterako,” aipatu digu.
Ostadarrera etortzeko erabakiari buruz galdetu eta “beste bi aukera nituen goiko mailako talde bat entrenatzeko, baina beti daukazu hor herriko taldea entrenatzeko grina. Urtero eskaintzen zidaten eta aurten egoera aztertu eta talde entrenatzea erabaki nuen,” azaldu digu erregionaleko entrenatzaileak.
Prestakuntza
Maila igoerari begira landutakoa ere argi azaldu digu Beldak, “maila batetik bestera azkenean joko erritmoa oso desberdina da eta hori saiatu naiz lantzen. Ez 3. mailako erritmoa izatea, baina taldeak iaz baino azkarrago jokatu dezan behintzat.”
Horregatik, aurredenboraldiko partida guztiak Ohorezko mailan jokatuko duten taldeekin egin du Ostadarrek. “Azkenean bai galdu edo bai berdindu nik nahi nuena, erritmo azkarra hartzea. Eta horretan gaude, oraindik nik uste. Beste hilabete bat beharko genuke nire ustez. Baina asteburu honetan hasten gara,” aipatu du Joseanek.
Honela, aurredenboraldia ona egin dutela adierazi digu, nahiz eta hasiera kaxkarra izan, “lehenengo bi asteetan motelago ibili ginen, jendeak oporrak zituen eta. Ostean, azkar ibili behar izan gara eta horregatik hilabete horren beharra.”
Taldeari buruz galdetzerakoan, “jokalariak oso animatuak ikusten ditu. Iaz Zurutuzarekin denboraldi ona egin zuten. Jendea oso gustura dago taldean eta nik ere erraztasunak aurkitu ditut horregatik. Beste entrenatzaile baten lana izan da eta eskertzen da,” onartu du.
Eta zera gaineratu du, “orain guztia ongi doa, baina denboraldia hasi eta haserreak ere etorriko dira. Hasieran dena polita da, baina gero datoz komeriak.”
Etorkizuneko taldea
Jokalari gehienak Lasarte-Oriakoak eta Ostadarreko harrobikoak dira, baina aurten bost jokalari berri ere izango ditu Ostadarrek. “Bost jokalari dira berriak eta besteak jubenilen taldetik igo dira. Berrietako baten bat , gainera, Ostadarren jokalari izandakoa da, beraz funtzionamendua ezagutzen du. Talde polita sortu da eta ilusio handiarekin nago.”
Honetaz gain, Beldak taldearen gaztetasuna azpimarratu digu, “Talde oso gaztea da, baten bat kenduta, 19 urtetik 22 urtera dira gehienak. Eta azkarrak benetan. Etorkizuneko taldea da beraz, Eta hori zen Ostadarren asmoetako bat. Herriko gazteekin lan egin eta taldea lantzea. Ez dakigu urte betera edo bira zerbait lortuko dugun. Baina taldea sendotu behar dugu etorkizunean gauzak lortzeko.”
Denboraldia
“Multzoan denek antzerako maila dugu, hiru edo lau talde kenduta. Horiekin denboraldi hasieran jokatzen dugu. Esate baterako, Mundarro eta Roteta ditugu lehenengo partidatan, Mundarro mailaz jaitsi da eta Roteta iaz hirugarren geratu zen sailkapenean. Polita izango da nolako taldea dugun jakiteko balioko baitigu,” erantzun du denboraldiari buruz galdetzean.
Helburuari buruz galdetu eta “asmoa taldea maila honetan mantentzea dela esatea errazena da niretzat. Hori esanaz ondo geratzen naiz. Baina nik anbizioa dut eta ilusio handia. Gainera, apustua egin dut, afari bat, lehenengo bosten artean egongo garela eta nik ez ordaintzea espero dut. Denboraldia hasi eta ea nora iristen garen.”