Bidegorria
Lehenik bukatu behar duen lana Atsobakarretik Hipodromo etorbidera doan bidegorria dela azpimarratu digu Iñakik, “ikasturtea hasterako Somoto pasealekua garbi egongo da. Hipodromo etorbideko lanekin hasiko dira ostean. Lan egiteko eremu zaila da hurrengoa, mugimendu handikoa eta hiri erdian dagoena. Eta lan guztia iraila bukaerarako edo urrian hasierarako bukatua egotea espero dugu.”
Kolunbarioa
“Hasi dugun beste lana eta jendeak ikusiko ez duena, hilerriko kolunbarioa da. Abuztuan esleitu zen eta Ateri enpresa lanean hasi da dagoeneko. Errautsak uzteko horma hilobiak izango dira. Izan ere, gero eta herritar gehiagok gorputzaren errausketa aukeratzen baitute,” azaldu digu.
Frontoia eta Oriako pabilioiak
Udalak Zapatero planak babesten dituen bi lanak, frontoi berria eta Oriako pabilioien atzealdearen eraberritzea, epearen barruan bukatzea aurreikusten duela ere aipatu digu.
“Frontoiak porlanezko estruktura egina du, orain itxitura eta estruktura metalikoa falta dira. Gainera, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, proiektu hau bi zatitan egiteko egokitu genuen, bata Zapatero planaren babesean, hau da, frontoia bukatu, frontisa kanpo, eta rokodromo eta paddle pistako estruktura egin. Eta bestetik, Udalaren esku geratzen dena, frontisa harriz estali eta rokodromo eta paddleko azpiegiturak osatuko dituena,” azaldu du Mugikak eta “proiektu hori eskatu dugu dagoeneko, bi lanak jarrian egin daitezen. Beti ere, egoera ekonomikoak ahalbidetzen badu,” gaineratu du.
Oriako atzealdeko lanekin arazoak izan direla onartu du, “kotekin arazoak izan genituen eta azkenean espero baino lur gehiago mugitu behar izan da. Baina erritmoa ona izan da eta ez da atzerapenik egongo.” Lan honetan ere estruktura bukatua dagoela adierazi digu hirigintzako arduradunak, “ibaiaren bideraketa eta ibaia babesteko lana egina dago. Orain urbanizatze lanak hasiko dituzte eta linea elektriko batzuen lurperatzea ere egingo dute.”
Loidi-Barren
Lasarte-Oriako Udalak abuztuan indarrez ekin dion eremua dugu Loidi-Barrenekoa.
Iñaki Mugikak azaldu digunez, “batetik Kale Nagusian egin den errotonda dugu. Dagoeneko erabilgarria da eta inguruko espaloiak eta azken ukituak falta dira soilik. Eta bestetik Antsuenea plaza dugu. Lanak bukatu dira bertan, baina lorategiak apaintzea eta haur parkea falta dira.”
Hirigintzako buruak aurreratu digunez, “orain Beko Errota kaleko lanak hasiko dira eta Beko Kale eta Kale Nagusia lotuko dira. Gainera, Adarra plazan egin denaren antzera, Beko errota kalea ibilgailu eta oinezkoentzat aldi berekoa izango da.”
Udal berria
Udalaren eraikuntza berriko lanak ere martxan daude. “Ikusten ez den lana da. Babes hormak, hau da, aparkalekuaren eta udaletxe berriaren oinarriak ezartzen ari dira eta gero lur zulaketak egiten hasten direnean lan guzti hori ikusiko da,” azaldu digu Mugikak.
Ur jarioa
Lasarte-Oriako Udalak buru hauste bat ere baduela onartu digu Mugikak, Brigitarren plaza eta inguruan dauden zuloak dira.
“Udara hasieratik dugun arazoa da. Loidi Barreneko lanak hasi eta ur bulkada hodiek arazoak zituztela ikusi genuen. Horiek konpondu eta nonbaiten ur jarioa zegoela konturatu ginen. Baina ahalegin guztiak egin ditugu eta proba asko, esate baterako, kamarak sartu ditugu eta ez dugu arazoa aurkitu. Eremu handia da Kale nagusia eta Loidi barrenekoa. Gainera, abuztuan Añarbeko mankomunitateak lan bat egin zuen eremu horretan eta horren ostean ere, arazoak jarraitu zuen. ”
Saiakera gehiago egingo dituzte arazoa aurkitu eta konpontzeko eta horretarako, “Kale nagusian itxi genituen zatiak ireki beharko ditugu. Arazoa konpondu arte ezin ditugu zuloak itxi. Eta, horregatik lan egiten ez den eremuetako zuloen gainean xaflak jarri ditugu.”
Oztopo arkitektonikoak
Udan herrian zeuden oztopo arkitektonikoak murriztu dituztela ere adierazi digu, “herriko hainbat eremuetan arazoak zeuden gurpil-aulkiak igarotzeko eta espaloiko altuera murriztu dugu, legearen arabera. Ezin dira baxuagoak izan ur estolderiarekin arazoak izango baikenituzke bestela. Era honetara, pertsona elbarrien eta ezindu fisikoen mugikortasuna hobetzea espero dugu.”
Txorkoak
Eta azkenik, txorkoak aipatu dizkigu. “Txorkoen lanak ere bukatu dira, landaketa egin ez den lekuetan izan ezik,” adierazi du hirigintza arduradunak.
Gainera, lan handia eman dien jarduna izan dela ere onartu du Iñaki Mugikak, “hauetan kasu batzuetan zuhaitzaren arabera egin behar izan da lana eta, kasu askotan, txorkoa ezin izan da laua egin. Honela, zuhaitz gehienek erretxina eta goma baldin badute ere, beste batzuek erroen arabera goma bakarrik dute eta beste batzuetan ahal izan den bezala egin da.”