Azken hilabete hauetan bizi izan dugun errepresio aldi bortitzari argudioz, arrazoiz beterik eta duintasunez eutsi diogu. Herrietan, auzoetan eginiko lana paregabea izan da. Gure senideen eskubideen aldeko aldarriak Euskal Herriko txoko guztietan izan ditugu presente.
Baina iritsi da garaia guztiok batera uda honetan abiatutako errepresio olatuari aurre egiteko. Helburu argia baitu ekinbide honek, gure senideen eskubideen aldeko aldarrikapen oro ezabatzea, suntsitzea, horretarako esku artean dituzten bitarteko guztiak erabiliaz. Bada, iritsi da garaia Euskal Preso Politikoen eskubide aldarriak lau haizetara zabalduko ditugu, gure senideei eta lagunei aplikatutako espetxe politika kriminalari guztion artean erantzun argi bat emateko.
Nahikoa da! Euskal preso politikoen eskubideen aldarrikapenak kalean jarraituko du, are gehiago gure senide eta lagun presoen egoera gero eta okerragoa denean.
Arrazoiz beterik gaude beraz, beste behin ere indarrean dagoen espetxe politika kriminala eta bere ondorioak salatzeko.
Beraz, Euskal Herriko jendarte andanari dei egiten diogu, datorren larunbatean, irailak 12, arratsaldeko 17:30ean Donostiako Antigua auzotik aterako den manifestaldi isilean parte hartzeko.
Etxerat