Errausketa errorea delako

Txintxarri 2009ko ira. 11a, 02:00

Datorren igandean, 13an, urtero bezala Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak Kontxako hondartzan egingo den giza-katean parte hartzeko deia zabaldu nahi du, errausketak giza-osasunean, ingurugiroan eta zergak ordaindu behar ditugunon poltsikoetan duen eragin larria salatzeko asmoarekin. 11:30ean elkartuko gara erlojuen inguruan.
Aurten inoiz baino arrazoi sendoagoak ditugu. Gaur egun, errauskailu eredugarri hura, mundu osoko aurreratuena izango zena, Bizkaiko Zabalgarbi Autonomi Erkidegoko laugarren enpresa kutsagarriena da (Europar Batasuneko E-PRTR txostena), aldi berean airea, lurra eta ura kutsatzen dituelarik. Gaur egun ez dago Diputaturik, ezta Garapen Iraunkorrekoa ere, errausketa osasunarentzat mehatxu oso larria dela uka dezakeenik. Eta kontrakoa esaten badu gezurretan ari da edo ez du irakurri nahi han eta hemen argitaratzen dena.
Eta errealitatea hau horrelakoa izanik, errausketak kutsatu eta hil egiten duela, bada beste bat Gipuzkoan zehar zabaltzen ari dena alternatiben aldekoa, atez ateko bilketa eta konpostajearen bitartez. Honen arrakastak Oiarbide eta Txabarriren tontakeriak isilarazi dituzte, kalitatezko konposta zela eta esandakoak, eta beren erara (beti bezala gaizki) egindako materia organikoaren bilketa barregarri utzi. Momentu honetan gure herrialdea ekimen ugariren kokaleku bihurtzen ari da, Amara, Aretxabaleta, Azpeitia eta beste hainbat herritako bosgarren kontenedorea albo batera utzi gabe, hor daude Usurbilgo atez atekoaren emaitza ikusgarriak. Eredu hau laster martxan jarriko diren esperientzia berriekin osatuko da: Hernanin apirilean hastekoak dira atez ateko bilketarekin, Oiartzungo proiektua aurrera doa, Debagoienako mankomunitatea aztertzen ari da, Urnieta… Bitartean Diputazioa proiektu hauek gutxiesten jarraitzen du, lehenago konpostajearekin egin zuen bezala. Ez al dute inoiz ikasi behar behin eta berriz egindako hanka sartzeetatik?
Bada, ez. Hainbat Udalek hondakinen kudeaketa arrazionalago baten bideari ekin dioten bitartean, Diputazioak bere zanpagailua martxan jartzen du, errauskailua inposatuz, nahiz eta bertatik onurak aterako dituzten enpresei bakarrik interesatu. Uztailaren 21ean, Epaitegietan porrot berri bat jasan arren, Diputatuen kontseiluak argi berdea eman dio Gipuzkoako Azpiegituren Plangintza Sektorialari, bere atzean Errauskailua ezkutatzen duelarik. Baita ere, errauskailua jarri nahi duten lekurainoko errepidea onartu berri dute, laster konkurtsora aterako da eta azaroan lanekin hasteko asmoa dute.
Diputazioa, errausketa zaleak, berriro legearen albo batean kokatu dira, datuak manipulatzen jarraitzen dute eta bitartean zaborren tasak %80 garestitzen dituzte lau urtean. Jende honen itsukeria, aitortu ezineko interesak, gure poltsikoetatik ordaintzen ari gara. Zoritxarrez, eta lehenago ez badugu konpontzen, gure osasunarekin ordainduko dugu, ingurugiroaren eta lehen sektorearen degradazioarekin. Errausketak zera esan nahi du: minbizi gehiago, jaiotzako deseratze gehiago, pozoi gehiago gure inguruan eta lehengaien alferrik galtzea. Esandako guztiagatik egongo gara igandean Kontxan, ez digute arpa joko! Herritarrak mobilizazio honetara gonbidatu nahi ditugu, eta, aldi berean, jarrai dezaten gutxitze, berrerabiltze, birziklatze ekimenetan parte hartzen, bosgarren kontenedorea barne, ea enteratzen diren buru gogor horiek.

Gipuzkoako Errausketaren aurkako plataformen
kordinadora