Abuztua bukatu eta iraila hasi. Oporrak bukatu eta langabezian hasteko garaia. Ez da gezurra, Ingemar-ekoei galdetu bestela. Langabezian hasteko edo jarraitzeko, zure esku. Kapitalismoa aulkien jokoa bezalakoa da: lau aulki eta hamaika lagun dantzan inguruan esertzeko asmotan. Baten batek tanpa egin edo ez, berdin da, kontua erraza da: hamaika ken lau pikutara. Azkenak tontoenak. Hor konpon. Haien errua da gainera. Lehiakortasun nahikorik ez eta horregatik. Horregatik du axola lehiakorra izateak. Lehiakorra ez bazara, hor konpontzera! Homo homini lupus, badakizu. Gizakiak, gizakiarentzat otso. Haiek edo zu. Horra kapitalismoaren etika, besterik entzun behar arren egunero. Beraz, kabestrua jarri eta dinbi-danba eskuin-ezker ukondoka hasi. Horregatik behar I+G+b: lehiakorra izateko. Ez besteekin aulkiak konpartitzeko, ez jokoaz aldatzeko (besterik ez genuen behar!). Hori tontoena da. Partekatzea eta bakoitzari bere beharren arabera ematea tontoena da. Susmagarria izateaz gain. Mus txapelketak bezainbeste. Beraz, lehiakorra izan, ez ahaztu. Lehiakorra, e! ez leialkorra, ez nahastu. Leialkorra? Zertarako? Ikasturtea hasi eta hau da hasteko unea.
Ni neu. Egun hauetako batean hasiko naiz. Lehiakorra izaten, bai. Iraila da eta hasiko naiz. Egun hauetako batean. Batean edo hurrengoan. Eta, buff... kontuz nirekin. Paretik kendu badaezpada; ze, ni, kabestrua jarrita...