Erosketa kopuru ona

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 11

Lasarte-Oriako Stock eta Saldoen II. Factory Azokaren irakurketa ona egin dute Aterpeak eta Merkataritza departamentuak. Nahiz eta Michelingo frontoira gerturatutako lasarteoriatar kopurua iazkoa baino murritzagoa izan, herritarrek egoera ekonomikoa alde batera utzi eta erosketak egin zituzten.
Aterpeak eta Merkataritza departamentuaren ustez, eguraldia edo asteburuan zeuden hainbat festa eta jarduerek eragin zuzena izan zuten azokako sarreren kopuruaren jaitsieran.
Merkatariekin batu eta merkatuaren irakurketa egiteko badago ere, Aterpeak eta Merkataritza departamentuak azokaren hirugarren edizio bat egiteko asmoa agertu dute.

Zozketaren irabazleak

Era berean, azokako azken egunean, igandean, bertaratu zirenen artean Orioko Balea bainuetxean Relax gastronomiko tratamentuaz gozatzeko lau sarrera bikoitzen zozketa egin zen. Irabazleak Maritxu, Lourdes Agirretxe, Tina Gonzalez eta Gregorio Gallardo izan dira.