Somoton kooperazio proiektuen auditoria egitea onartu du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 11

2005 eta 2008 urteen artean Somoton, Senidetze bulegoaren bidez, egin diren kooperazio proiektuen auditoria egingo da.
Eta horregatik EAJ ko zinegotziak pozik agertu ziren atzo burutu zen Udal Batzarrean. “Guk urtetan eskatu dugun auditoria azkenean egingo da,” adierazi zuen Estitxu Alkortak.
Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako buruak azaldu zuenez, “Senidetze bulegoa fundazio izatera pasa da eta interbentoreak auditoria egitea proposatu zuen. Batzordera eraman eta onartu behar izan nuen, izan ere, kooperazioa deskonfiantza sortu duen gaia izan baita azken urteetan.”
Gainera, “Udalak gai honetan finantza arau batzuk ezartzea ekarriko du, aurrerantzean akatsik egon ez dadin,” gaineratu zuen.
Honela, kontsultoriaren kontrtazioa Gizarte Zerbitzuetako Batzordera eramango dela ere aurreratu zuen, “Udalaren gogokoena aukeratu dela esan ez dadin.”

2008ko aurrekontuak

Honetaz gain, gai nagusia, 2008ko ekitaldiko aurrekontuaren kontu orokorraren dosierraren onespena izan zen PSOE eta EBaren aldeko bozkekin.
Gai honen harira, galdera eta eskaera atalean EAJak 2008ko emaitzak negatiboak kontuan izanik Udalari finantza-plana eskatu zion.
“Foru Aldundiaren datuen zai gaude. Udaleko diru sarrerak betetzen dira, eta abendura arte, gastuak ordaintzeko adina dugu. Baina Aldundiak itzulketak eskatzen baditu orduan arazoak izango ditugu. EUDELeko bilera dugu hilaren bukaeran eta bilera horrteako datuen arabera, finantza-plana egingo dugu eta partida batzuk aldatu beharko dira,” erantzun zuen alkateak.

Dirulaguntzak

Halaber, alkatetzat eskatu dituen dirulaguntzen berri eman zuen.
“Añarbeko Ur Mankomunitatearekin 6.000 euroko hitzarmena ur emariak kontrolatzeko; Foru Aldundiarekin uztailean Atsobakarreko lanen %75a hitzartu genuen, 2.250.000 bat euro,” azaldu zuen Ana Urchueguia alkateak.
Eta Jaurlaritzako Industria, Komertzio eta Turismo sailari, PERCO laguntza eskuratzeko ahlegin berria egin dutela ere aipatu zuen, baita baikor daudela ere, “egoera ekonomikoa hobetzen lagundu baitezake.”

Aparkalekua

Hau guztiaz gain, Osasun Zentroko aparkaleku berriari buruz ere hitz egin behar izan zuen alkateak. “Lasarte-Orian aparkaleku errotatiboa egon behar zuelaren eskaria askotan egin da. Eta orain lehenengo datuen arabera defizitarioa dela esan behar dugu. Ez da errentagarria eta lortutako diru sarrerek ez dute mantenimendua ordaintzeko adina ematen.”