Guadalupeko Amaren jaiak Extremadurako Etxean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 11

Asteartean, irailaren 8an, Guadalupeko Amabirjinaren eguna izan zen, Extremadura Autonomi Erkidegoko zaindaria hain zuzen ere.
Eta egun handia ospatu nahian, Lasarte-Oriako Guadalupeko Ama Extremadurako etxeak asteburu honetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Uzturre plazako egoitzan.

Ikurrina eta gorazarrea

Ohizkoa den legez, gaur, 21:00etan ikurrinaren igoera eta Extremadura Autonomi Erkidegoko gorazarrea abestuaz emango zaie hasiera jaiei.
Jarraian, kaldereta dastatzeko aukera izango dute antolatutako herri afarian. Afal ostean, kopla eta umoreaz gozatuko dute Uzturre plazara gerturatzen diren guztiek.

Guztientzako ekitaldiak

Bihar, haur eta helduentzako ekitaldi ugari egongo dira, besteak beste, marrazki lehiaketa, mus txapelketa, bazkide eta lagunkideen afaria herriko agintariekin, dantzaldia eta dantza lehiaketa gauerdian eta goizeko 3:00etan, indarrak berreskuratzeko, migak banatuko dituzte.

Folklorea

Igandean, berriz, Arantzazuko Ama birjinaren elizan Guadalupeko Ama zaindariaren omenezko meza ospatuko da Errenteriako Ecos de Extremadura taldearen koruak lagundurik.
Egoitzera bueltatu eta Extremadurako eltzekadaz gozatzeko aukera paregabea egongo da ostean herri bazkarian.
Bikotekako tute txapelketan parte hartu edo Raices y Brotes Extremadurako etxeko talde folklorikoaren emanaldia ikustea dira arratsaldean dauden aukerak.
Eta jaiei amaiera eman aurretik, txapelketen irabazleei sariak banatuko zaizkie.

Dastaketa

Hau guztiaz gain, Extremadurako etxeak jakin arazi duenez, hiru egun hauetan Extremadurako produktuak eros eta dastatu ahal izango dira Uzturre plazan ezarriko duten saltokian.