Auzo hauek babesteaz gain, Zabaleta eta Larrekoetxe auzoetara sartzeko N-Iaren azpiko pasabidea eta Urnieta bideko errepideko goiko pasabidea ere proiektuaren barruan kokatu ditu Foru Aldundiak.
Era berean, Donostiako Bigarren ingurubideko neurriak ere aurreikusten dira proiektu honetan, guztira pantaila eta ezpondez babestutako 1300 metro. Horietako bat izango dugu arestian aipatutako beheko pasabidetik A-8ko loturara doan, N-I-A errepidea.
Pantaila hauek inguruko paisaiarekin bat etortzea da beste helburuetako bat. Horretarako, errepide zatien ezaugarriak kontuan izan eta horren arabera metakrilato gardeneko pantailak, metalikoak edo mistoak ezarriko dira.
Datuak
Europar Batasuneko legeak jarraikiz, trafikoak herrietan eragindako zarata gutxitzeko Estatuak ezarritako neurria dugu hau. Lege horrek dio, urtean 6 milioi ibilgailua baino gehiago igarotzen diren errepidetan zarata mapak egon beharko lirateke, non arauak legeztatzen dituen dezibelio kopurua gainditzen duten errepide zatiak agertzen diren.
Munduko Osasun Elkarteak 55 dezibelioko neurriak aholkatzen ditu egunez. Lasarte-Oriako Udalak emandako datuen arabera, Gipuzkoa mailan 70 eta 74 dezibelio arteko zaratak jasaten dituen populazio kopuru handiena du gure herriak eta, gainera, Gipuzkoako udalerri bakarra da non leku batzuetan 75 dezibeliotik gorako zarata mailak jasaten diren.
Alkatetza pozik
Lasarte-Oriako Udaleko alkatetzak bere poza azaldu du Foru Aldundiak N-1 errepidean pantaila akustikoak jartzeko oniritzia eman duelako. “Izan ere, neurri honek erantzuna ematen baitio urteetan Udaletik egin den eskariari, herritarrek jasaten dituzten zarata mailak murriztea,” azaldu digu Iñaki Mugika hirigintzako buruak.
N-I errepideak sortzen dituen zaratak bereziki eragindako udalerria izanik, alkatetzak hiritarren interesak defendatu nahi izan ditu beti, eta orain murriztu egingo dira eragozpenak.
Neurri gehiago behar
Baina, neurri isolatu bat ez izatea eta lasarteoriatarren bizi-kalitatea hobetzeko etorkizunean Foru Aldundiak horrelako ekintzekin jarraitzea espero dute. Mugikak dioen bezala, “arazoa ez da guztiz murriztuko. Abiadura murriztu edo ingurune bat egiten ez duten bitartean arazoak jarraituko du. Urumeako autobideak kopurua murriztuko duela diote, ikusi beharko dugu.”
Honetaz gain, Udalak pantailak herri bukaera arte iristea ere eskatuko duela aurreratu digu Mugikak, “Antxisu bailaran arazoa mantenduko da eta bertan ere neurriak behar dira.”