Amaitu dira udako oporrak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 11

Asteazkena, goizeko 9:00ak. Hiru hilabeteko lasaitasunaren ostean, Lasarte-Oriako Landaberri eta Zumaburu-Sasoeta ikastetxeko korridoreak, berriro ere, guraso, haur eta gaztetxoen garraisi eta ahotsez bete ziren.
Ez dira 2009-2010 ikasturteari hasiera eman dioten lehenengoak. Donostian ikasten duten haurren ilarak ikusi ahal izan baitziren autobusgeltokietan astelehen goizean eta Lasarte Usurbil Institutuko DBHko gaztetxoak ere asteartean hasi baitzituzten lehenengo ikasgaiak.
Baina guztiek zerbait dute komunean, lehenengo eguneko urduritasuna. Lagunak berriro ikustea, udan bizitakoak batak besteei kontatzea eta arropa, motxila, liburu edo koaderno berriak estreinekoz erabiltzea.

Egokitze hilabetea

Hala ere, ikasturte hasiera honetan, marru gutxi entzun zen, herriko ikastetxeetako txikienen artean. Izan ere, bi urteko haurrek gurasoen eskutik gelara sartu, irakasle berria ezagutu, guztia gainbegiratu eta lagun berriekin jolasten hasi baitziren gurasoen begiradapean.
Izan ere, egokitze hilabetea baitugu irailekoa maila guztientzat eta, batez ere, lehenengoz ikastolara joaten direnentzat.
Hauek, 2 urteko haurrak, lehenengo astean ordu beteko saioak izango dituzte eta gurasoak haiekin egongo dira. Pixkanaka ordutegia luzatu eta guraso gabe egotera ohitu beharko dira.
Beste maila guztiek, ordea, ez dute horrelako zortea. Hiru ordu eta erdi edo lau orduko jarduna dute, besteak beste, matematika, soinketa, edo txanela eta hilaren bukaeran goiz eta arratsaldeko jardunaldira igaroko dira aitona-amonen lasaitasunerako.

A gripea

Honetaz gain, aurten beste zerbaitera egokitu beharko dira herriko haur eta gaztetxoak, A gripearen protokolora, hau da, eskuak maiz garbitzera, bakoitzak bere edalontzia erabiltzea, etab.