Helduek ere ikasteko aukera dute

Nerea Eizagirre 2009ko irailaren 12a

Hogei bat urte dira Lasarte-Oriako Helduen Hezkuntza zentroan lanean hasi zirenetik. Egun, Zumaburu kaleko 13. zenbakian, hau da, Zumaburuko ikastetxean dute egoitza nagusia. Hala ere, Alberto Alonso irakasleak azaldu digunez, “zentro nagusia Lasarte-Orian dagoen arren, Usurbilen ere ikasgai batzuk ematen ditugu.”
Albertok azaldu digunaren arabera, iaz 250 ikasle baino gehiago izan zituzten Helduen heziketa zentroak eskaintzen dituen 40 ikastaroetan.
Eta gainera, “ikasleen adin tartea oso zabala da, 18 urtetik hasi eta badaukagu 82 urte dituen emakume bat. Nik informatikan baditut 70 urte baino gehiagoko pertsona batzuk. Ez dago mugarik,” atxiki du.

Hezkuntza eskaintza

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza departamentuaren menpe dagoen zentroa denez Helduen Hezkuntza zentroak hezkuntza arautua eta arautu gabea eskaintzen du.
“Hau da, batetik ikasketa batzuk egiten dira, DBHko titulua lortzeko eta bestetik bestelako ikastaroak, Unibertsitateko sarrera froga prestatzen dute edo hizkuntzetan, euskara edo ingelesean hastapen ikastaroa ematen diegu, esate baterako,” azaldu digu Albertok.
Era honetara, titulua lortu nahiez gero, ikasgai finkoak egin behar direla azpimarratu du irakasleak. “Baina badago beste era bat, non ikasleak bere gustura egiten dituen ikasketak, hau da, literatura interesatzen bazaie literatur tailerrean ematen dute izena. Bakoitzak nahi duenean,” aipatu digu.

DBH eta Unibertsitatea

“DBHko titulua iaz 20 bat izan ziren. Baina badago jendea oraindik titulua lortzeko prestatzen ari dena, baita 25 urte gorakoen Unibertsitateko sarrera prestatzen ari direnak ere,” adierazi du.
Eta zera gaineratu du, “Unibertsitate bakoitzak bere sarrera froga du eta sarrera gainditzeko, aurretik formaziorik ez baduzu zail samarra da.”
“Baina bakoitzaren ibilbidea ezberdina da. Batzuk ezer ikasi ez dutela esaten dute eta ez da egia. Ez da eskolara joan baina asko daki. Asko irakurri du eta beti mugitu da beste arlotan, beste ikastarotan,... eta haien formazioa oso aberatsa da,” azpimarratu du.
“Jendeak garbi dauka ere burua lantzen ez baldin bada, burua errazago galdu daitekeela. Erabiltzen ez dena ba azkenean galdu daitekeela,” ere adierazi digu.
Informatika eta ingelesa
“Informatika arloko ikastaroak, ingelesa eta artearen inguruan dauden ikastaroak ere,” horiek dira Albertoren aburuz arrakasta gehien dituzten ikastaroak. “Batzuk informatika ikastaro batetara datoz eta gero bertan, zentroan konturatzen dira ikastaro gehiago daudela eta, hurrengo urtean beste zerbaitetan izena ematen dute,” azpimarratu du irakasleak.
Honetaz gain, “herritar asko datorkigu aiton-amonak direla eta laguntza behar dutela ilobekin gutxieneko harreman bat izateko euskara ikasi nahi dutela esanaz. Eta oso aberatsa iruditzen zaigu, haientzat probetxugarri da eta berehala ikusten diote etekina gainera,” adierazi digu Albertok.

Kanpoko jarduerak

Zentrotik kanpo ere jarduerak dituztela azaldu digu Albertok, “Arte en la calle moduluan, artea ikasi eta inguruko hirietara joaten dira arkitektura eta artelanak ikustera. Gasteiz edo Iruñera goaz eta, urtean behin ere, bidai handiagoa egiten dugu. Adibidez, iaz Dublinen izan ginen eta aurrekoan Pragan.”
“Beste modulu batean ere, Gure bazterrak titulua duena, inguruko bazterrak miatu, ikusi eta ezagutzera goaz. Batez ere, naturari begira egiten dugu, baina ekonomia edo historia gertakizunak ere kontuan izaten ditugu eta lantzen ditugu,” aipatu du.

Lan eta lan elkartea

Lasarte-Oriako Helduen Hezkuntza zentroak gainera ikasleen eta ikasle ohien elkartea du Lan eta Lan izenekoa.
“Haiek ere ikastaroak antolatzen dituzte, dantza ikastaroa, gimnasia, etab. eta antzerki taldea haiek sortua da. Gure babesa du noski. Eta hor dabiltza lanean, emanaldiak egiten, etab.,” azaldu digu Albertok.

Izena ematea

Helduen Hezkuntza zentroko ikastaro batean parte hartu nahi izanez gero, “hurbildu, informatu eta izena eman. Hilabete osoa dute interesatuek. Astelehenetik ostegunera 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara eta ostiraletan goizez.”