Lasarten Goiegi etxea, 1610. urtean eraikia, eta J. Arsuaga eta M.L. Tapia Jaun andreen seme alabek 1986 urtean berreraikia" irakurri daiteke jatetxearen sarreran. Duela gutxi ondoan Q kalitate ziurtagiria jarri diote. Taberna zabaldu zuen Maria Luisa Tapiaren bilobek ondo banatuta dituzte lanak gaur egun. Juan Luis Eizmendi da sukalde burua, Ainhoa Ormazabal maitre edo zerbitzarien burua eta Aitziber Martiarena arduratzen da gestio, administrazio eta ekonomia kontuetaz. Hirurek dute Arsuaga abizena baina bigarren tokian. Ama zuten Goiegikoa.
Zer ekarri du Q kalitate ikurrak Goiegira?
Jendeari aurrena burura etortzen zaiona horrek halako ospe bat emango ote digun da, eta nik uste hori azkenengo motiboa dela. Beste zerbait da: lan sistema bat martxan jarria dugula adierazten du. Gure estiloa, guk janak egiteko eta zerbitzeko dugun era, gehiago edo gutxiago gustatuko zaio jendeari, lehen bezalaxe, baina lanerako metodologia bat ezarrita daukagu, kalitate, segurtasun,.. aldetik eta horren barruan sistema bat dugu gaizki egiten ditugun gauzak detektatu eta hobetzen saiatzeko.
Zer egin behar izan duzue? Asko kostatu al da izendapena?
Egia esan, eurek daukate oso erraza: "Dauden arau guztiak bete behar dituzue" esaten dizue, eta zuk joan beharko duzu norbaitengana zein norma bete behar diren jakiteko. Sanitatekoak nahiko sarri etortzen dira jatetxeetara, baina industriakoek ezusteko handia eman ziguten. Ezagutza falta handia geneukan segurtasun elektriko aldetik eta horrela da nik uste oro har. Horiek bete eta egiten ditugun lan guztiak protokolizatu ditugu.
Ulertzeko adibide erraz bat. Errezeta guztiak idatziz jarrita egon behar dute ordezko sukaldari bat etortzen baldin bada hemen nola egiten den jakin dezan. Eta hori bezala, mahai batean mantelak edo zapiak nola jarri behar diren, gauzak zein maiztasunekin garbitu behar diren,... Lan gogorrena dena dokumentatzea izan da.
Azterketa gogorra izan da ala erraz gainditu duzue?
Guk egia esan ilusio handiarekin hartu genuen eta oso sendo geunden, gauzak ondo eginak geneuzkala bagenekien. Hala ere, egun osoa pasa genuen. Auditorea goizean etorri eta arratsaldeko 4etan joan zen. Ondo pasa nuen.
Nork ematen du eta zenbat denborarako?
ICTE turismoaren inguruko Europa mailako erakundeak ematen du eta urtero berritu behar da. Hauek noski, beti aurkitzen dute akatsen bat, bestela badirudi ez direla etorri eta okerrak zuzendu egin behar...
Bezeroek ba al dakite? Jakinarazi al diezue?
Atean jarri dugu bidali diguten ikurra, baina 2009ko marketing kanpainako aurrekontua agortua dugunez,... (barreka).
Nongoak eta nolakoak dira nagusiki zuen bezeroak? Norekin lana egiten duzue?
Eguneko menua jatera datorren bezero kopuru handia daukagu, gehienak kanpokoak, hemen lanean dihardutenak,... hori betidanik izan dugu. Beste arloa, karta, ospakizunak, famili bazkariak, ezkontzak,... dira. Hor gehienak bertakoak edo ingurukoak dira.
Ehun lagun inguruk bazkaltzen du egunero. Gaueko lana asko jaitsi da. Ostiral eta larunbatetan zerbait egiten dugu,...
Zenbati emateko prest zaudete?
Okasio berezietan iritsi gara 200 laguni ematera baina normalean 120-140.
Lasarte-Orian badira hainbat jatetxe, baina zuek izan zarete Qa lortzen lehenak, ezta?
Nik dakidala bai.
Hainbeste jatetxe eta hain onak izanda ohore handia izango da zuentzat, ala?
(Barreak). Lagunak dauzkagu beste jatetxetan eta ez dut uste inbidiarik dagoenik. Ez zuten jakingo Ostalaritza elkarteak hau martxan jartzen laguntzen zuenik. Gogoa eduki behar duzu, ordu batzuk sartu behar dira. Lana da.
Zer nolako jatetxea da Goiegi? Noiztik dago zabalik?
Goiegi berez sagardotegia zen garai batean, asko ziren Lasarte-Orian, amak ezagutu omen zuen dolarea, baina modaz kanpo geratu zirenean, industria jarri zenean, kanpotik zetozenak lo egiteko moldatu eta dolarea kendu egin zen. Gero amonak orain dela 50-60 urte taberna zabaldu zuen. Uztea erabaki zuenean gutxiago edo gehiago laguntzen zioten bost alabek jarraitu nahi zutela erabaki eta 1986an orain dagoen bezala zabaldu zen berriro. Gaur egun, Qaren kontuarekin hirugarren belaunaldia gaude. (Juan Luis, Aitziber eta Ainhoa).
Q-akin, ez al zarete goiegi iritsi?
(Barreka eta erdi txantxetan) Ez, oraindik gorago iritsi behar dugu...
Michelin izarra eskatu beharko duzue, orduan?
Ez dugu planteatu ere egin, baina oso ezberdinak dira. Q, ziurtagiri oso objektiboa da, baldintza batzuk bete behar dituzu, norbait etorri eta esango dizu honetan betetzen duzu eta honetan ez, honengatik eta honengatik. Prest bazaude lortu dezakezu.
Michelin izarra lortzeko segur-aski guk bete behar ditugun baldintzak bete behar dira, ez dut uste kalitate sistema bat izan gabe Michelin izarra lortzea posible denik, baina hortik haratago, gai izango bagina ere, presio ikaragarria da. Pentsa Xuberoako Hilario Arbelaitz-ek 50 urterekin, urte askotako esperientziarekin, bere karrerako momenturik onentsuenean dagoenean, izar bat galtzea,... kolpe handia izan behar du.
Behin Qa lortuta igo egingo al dira prezioak Goiegin? (txantxari jarraituz)
Ez, esango nuke merketu egingo direla.
Krisi garaia delako?
Neurri batean bai. Joan den urtetik hona ez dugu xentimorik ere igo. Eta datorren urtean ikusiko dugu. Gauzak ez daude igoeratarako. Gerrikoa estutu beharko da eta gastua nondik murriztu daitekeen ikusi.
Benetan kalitate ona al du euskal sukaldaritzak?
Nik uste denetik dagoela, baina oro har bai. Sukaldari batek behin esan zidan, beste edozein arlotan bezala, ezagutza inportantea dela sukaldean, baina askoz ere inportanteagoa dela egiten duzunean gogoa, mimoa eta interesa jartzea. Nire ustez Euskal Herrian sukaldaritzan oso jende saiatua dago.
Kalitatea eman al daiteke eguneroko menuan?
Zaila da. Ez dut uste daukagun negozioa, daukagun estrukturarekin eguneko menuarekin mantendu daitekeenik; daukan prezioan eta guk ematen dugun kalitatearekin. Aitzakia da, bezeroen sarrera irteerak egoteko, eta badauzka bere bentajak ere, jeneroari errotazioa ematen diozu, bestela gauza batzuk galdu egingo lirateke, baina zaila da.
Zeren araberakoa da Goiegiren arrakasta edo zeri esker dauka da Goiegik izen on hori?
Urte askotan lan ona egin izanaren ondorioz. Amonak bazituen bere bezero finkoak, baita gure amek ere. Bada jendea, duela 20 urtetik hona, bere urtebetetze eguneko bazkaria hemen egiten duena. Nik uste gure arrakasta hor dagoela.
Oro har osasuntsu jaten al da Euskal Herrian?
Nik uste badakigula ondo jaten. Ez dakit galtzen ari den ala ez den, baina etxeetan ohitura onak dira, jenero ona daukagu... Agian hurrengo belaunaldiak ez du hain ondo jango, baina uste dut orain arte oso ondo jan dela.