Giro ederra Guadalupeko Amaren jaietan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 13a

Urtero moduan, Extremadura etxeak bere zaindariaren, Guadalupeko Amaren eguna, irailaren 8a, ospatzeko ekitaldi ezberdinak antolatu zituen asteburu honetan.
Era honetara, Uzturre plaza Extremadurako Autonomia erkidegoan jaio eta herrian bizi diren lasarteoriatarren bilgune izan da egunotan.

Hasiera eta umorea
Festa giroa bandera goratzearekin eta Extremadurako Komunitate Autonomoaren himnoaren kantatzearekin hasi zen ostiralean.
Bertan, Extremadura etxeko bazkide eta lagunkideez gain, Iñaki Mugika alkate-ordea eta Fernando Escoriaza zinegotzia ikusi ahal izan genituen.
Ondoren, herri-afarian, bazkideek eta herritarrek Extremadurako kaldereta goxoa dastatzeko aukera izan zuten.
Afal ostean, Franquete eta Felisaren umore eta kopla saioari esker, barre eta algaren unea izan zen Uzturre plazan.

Egun handia
Ospakizunerako egun handia larunbatekoa izan zen. Haur zein helduentzako ekintzez betetako egitarauak, giro ederrean, herritar ugari bildu zituen plazan.
Goizean, haurrek ongi pasatzeko jarduerak prestatu zituzten, marrazki eta pintura lehiaketa eta jolasak. Marrazki lehiaketeren gaia, Extremadura izan zen eta ostean umeak ederki ibili ziren Uzturre plazan zaku karreretan edo aulki jolasean.
Arratsaldean, berriz, helduen txanda zen. 18 urtetik gorakoentzat mus txapelketa, Ermuako Flor de Tomillo Extremadurako Kultur taldearen emanaldia, emakumeen bola-joko txapelketa eta lehenengoz, gizonentzako toka txapelketa.
Gau partean, herriko agintari, bazkide eta lagunentzako afaria eskaini zen eta afalondoan elkarteko lehendakariak oroigarrizko plakak banatu zizkien aurten Extremadura etxean 25 urte bete dituzten bazkideei.
Ibai Berriak taldearen laguntzaz dantza lehiaketa egon zen ostean. Eta asko izan ziren goizeko hirurak arte dantzan egon zirenak. Orduan, indarrak eskuratzeko, bertan zeuden guztientzat migak banatu zituen Extremadura etxeak.

Folklorea nagusi
Folkloreaz gozatzeko eguna izango da gaurkoa.
Eguerdian, Arantzazuko Ama Birjinaren elizan, Errenteriako Ecos de Extremadura Monfragüe Extremadura etxeko taldearen koruek lagundurik meza girotua ospatuko da Guadalupeko Amaren ohorez.
Bazkaldu baino lehen, herriko Semblante Andaluz elkarteko Zambra taldearen emanaldia ikusi ahalko da Uzturre plazan.
Herri bazkariaren ostean, tute txapelketa jokatuko da eta Raices y Brotes Nafarroako Extremadura etxeko taldeak saioa eskainiko du.
Festei amaiera eman baino lehen, joko eta lehiaketetako irabazleei sariak banatuko dizkiete.
Eta 20:00ak aldera, jaiei amaiera emateko, Extremadura Etxeak bandera jaitsiera egingo du.