Udal Euskaltegiaren egoitza berria ostiralean inauguratuko da

Nerea Eizagirre 2009ko irailaren 14a

Nahiz eta Udal euskaltegiak otsailean leku aldaketa egin, ostirala honetan inauguratuko da egoitza berria. Honi buruz eta euskaltegiko beste gai batzuei buruz jakiteko Jesus Mari Asurabarrena Atxu, Udal euskaltegiko zuzendariarekin solasaldia izan dugu.
“Dezente atzeratu zaigu inaugurazioa. Baina horrek ere badu bere arrazoia, egoitza berriaren inaugurazioa ikasturteko kanpaina nagusiko hasierarekin lotu nahi izan dugu. Hori indartzeko asmoarekin. Honela, matrikulazio kanpainan bete-betean gaudela egingo dugu inaugurazio hori,” adierazi digu Atxuk.

Toki egokia
Oso pozik ageri da egoitza aldaketaren ostean, nahiz eta leku aldaketa azkarra izan zen. “Otsailean hasi ginen hemen lanean, korrika eta presaka antzean, baina berehala egin ginen egoitza berrira,” esan digu.
“Tokia bera ere egokia da. Oso leku zentrikoa da, jendearen bistan dagoena. Kiroldegiaren eta osasun zentro berriaren inguruan dago kokatua. Herriko jende guztia pasatzen da lehentxeago edo beranduago hemendik. Begien bistan dagoen eraikin batean dago orain,” atxiki du.

Hizkuntza ohitura aldatu
Udal euskaltegiko eskaintzari begira, “aurrez aurreko moduluak ditu, urrats eta maila guztietakoak eta azterketak prestatzeko ikastaroak ere, astelehenetik ostegunera. horretaz gain, tutoretza eta hizkuntza ohitura aldatzeko programa ditugu,” aipatu digu euskaltegiko zuzendariak.
Deigarri egin zaigun hizkuntza ohitura aldatzeko programaren berri galdetu eta “ikasle bakoitzaren harreman sarean egiten dugun azterketa bat da, tutoretzarekin lotua dago. Kontua ez da hizkuntza ikastea soilik, hizkuntza jakintza aktiboa da. Darabilgun heinean da aktiboa. Ikasle batek bere harreman sareko beste pertsona batekin euskara erabiltzeko aukera baldin badu, bere ikas prozesua azkarragoa izango da. Eta, gainera, agian hizkuntza ohitura aldaketaren eragile izan daiteke bere sarean,” azaldu du.

Teknologia berriak
Baina, hori guztiaz gain, teknologia berriei esker, etxean, euskaltegian bertan edo Kzgunean autoikaskuntza egin dezake, Interneteko lotura besterik ez da behar.
“Ordenagailuan egiten den lana da eta ikasleak ofimatikako gutxieneko ikaskuntza behar du. 156 orduko ikastaroa da eta lan horren erantzuna dagokion irakasleak emango dio. Horietatik, mintzazko 26 ordu egin behar ditu, astean ordu bete eta euskaltegiko ohiko maila batean egiten du lan hori,” azaldu digu.
Interneteen erabilera garrantzitsua bilakatu dela ere onartu du euskaltegiko zuzendariak, “HABEren dokumentazioan sartu eta bertan dokumentuak eta entzungaiak daude. Orain, entzungaiak ez dira lehen bezala egiten, irrati- kaseta jarri eta denak batera. Eta hor nabaritu dugu izugarrizko aurrerapena, ikasleak bere kaxa entzumen ariketak egiten dituenean askoz gehiago lantzen du bere ulermen maila.”
Eta “ohiko taldekoek euskaltegira etortzerik ezin izan badute ere, ikasgaiak, landutako testuak edo entzungaiak Internet bidez eskuratu ditzakete eta honela etxean ere badute zer egin,” gaineratu du.

Matrikula gehiago
Irailaren 18ra arte, matrikula kanpainan daude Udal euskaltegian. “Irailaren 21ean hasten dugu ikasturtea. Baina horrek ez du esan nahi taldeak itxiak daudenik. Beraz, anima daitezela,” azaldu digu.
Honetaz gain, “ez dakigu krisiagatik den edo, baina beste urtetan baino jende gehiago dabil izena ematen. Ez da ahaztu behar matrikulazio altuenak hemen %24ko langabezia zegoenean eman zirela,” azpimarratu du.