“Argazkiak oro har itsasaldera begira ateratzen ditut”

jon-altuna 2009ko irailaren 14a

21 urte besterik ez ditu Goizane Mendizabal zarauztarrak eta urte batzuk badaramatza kamara bizkarrean hartu eta argazkiak eginaz. Hauek itsasertzean egiteko joera du eta [i]Itsasoari Begira[/i] izenburu erakargarria jarri dio iraila osoan Jalgin ikusi daitekeen erakusketari. Zarautz inguruan ateratako hainbat argazki zintzilikatu ditu.

Diseinu Grafiko ikasketak bukatu berri ditu eta argazkilaritzan trebatuko da ondorengo bi urteetan Goizane Mendizabal Zarauzko argazkilari gaztea. Orain arte bere kontura ikasi du, baina pixkanaka hasi da argazkiak erakutsi eta serioago hartzen. Izan ere, argazkilaritza du zaletasun lehen argazkiak gurasoen kamara txikiarekin atera zituenetik. Diseinua eta artea ere gustuko ditu.

Nondik datorkizu zaletasuna?
Betidanik gustatu izan zait, argazkilariek atentzioa deitzen zidaten, kamara bizkarrean hartu eta nola ibiltzen ziren.

Zein argazki kamara erabiltzen duzu?
Erreflex bat daukat, D80a.

Ze iritzi daukazu argazkilaritza digitalaz?
Batxilergoan probatu genuen analogikoa eta egia esan beste xarma bat dauka, zailagoa da nire iritziz, baina orain dena da digitala, eta nik ere dena digitalean egiten dut.

Erakusketa zer dela eta Itsasoari Begira?
Zarauztarra izanda eta itsasoa hain gertu edukita, askotan itsasaldera joaten gara. Argazkiak ateratzera barrualdera, mendialdera, joan beharrean itsasora joateko ohitura daukagu. Agian, niri pertsonalki kostaldeak gehiago tiratzen didalako izango da.

Non egindako argazkiak dira?
Gehienbat Urola Kostako argazkiak dira.

Eta zergatik zuri beltzean?
Iruditzen zait batzuek behintzat deigarriagoak direla. Ez dakit nola azaldu. Malenkonia puntu bat eragiten dute batzuek, zahar itxura horregatik edo.

Itsasoa asko agertzen al da zure argazkietan?
Bai, ez beti baina normalean itsasoa dute oinarri; itsasaldera begira ateratakoak izaten dira, hau da, objekturen bat eta itsasoa atzean.

Zeri begira egoten zara bestela? Zer ateratzea duzu gustukoen?
Batez ere, erretratuak: adin ezberdineko pertsonak eta bakoitzak zein espresio daukan.

Argazki kuttunik ba al duzu, argazki ikusgarririk, xarma berezia duenik?
Bai badut bat. Egin nuen lehenengoetarikoa da. Itsasoari begira aterata dago eta boleiboleko sare bat ageri da. Koloretan da eta koloreek bizitasun handia ematen diote.

Hori duzu faboritoa, oraingoz?
Bai. Baditut umeei ateratako beste batzuk baina faboritoa hori da momentuz.

Zein argazki egitea gustatuko litzaizuke? Etorkizunerako zein asmo dituzu?
Paisajeak atera baino nahiago dut erretratuak egin. Eta erretratuak egitea gustatzen zaidanez, ondo legoke kanpora joan, bidaiatu, hirugarren munduko pobrezia argazkitan jaso eta jendearen espresio eta begirada horien bidez erakustea.
Argazkilaritzarekin jarraitzea gustatuko litzaidake eta hortik bizitzea baldin badago oraindik eta hobeto. Baina mundu honetan bizitzeko oso zaila dago. Baina gustatu, gustatuko litzaidake.

Zein argazkilari gustatzen zaizu?
Alain Daussin da gehiena gustatzen zaidana.

Aspaldian argazkirik erakutsi al duzu beste nonbaiten?
Lehenengo erakusketa da Jalgikoa. Bestela lehiaketa batzutan aurkeztu naiz.

Eta zer moduz?
Pare batean parte hartu dut eta Aiakoan lehen saria jaso nuen.

Zer moduzko harrera izan dute zure argazkiek? Zer dio jendeak?
Ona momentuz. Esaten didatenarengatik behintzat, harrera positiboa izan dute.

Argitaratzen al duzu nonbait argazkirik?
Ez, neure argazkiak interneten www.flickr.com/fotogoi orrialdean zintzilikatzen ditut, baina bestela ez.

Internet dudarik gabe erakustoki egokia izan daiteke argazkilarientzat. Zer deritzozu?
Oso ona da argazkiak erakusteko. Jendeak kritikatu egiten du, bai onerako eta bai txarrerako. Baina, beti ere, iritzia emanaz.
Bestalde, ikasteko ere oso ona da. Nik ikasi dudan gehiena interneti esker izan da, bai beste argazkilarien lanak ikusiz, bai hor dauden milaka baliabide erabiliz.

Argazkiei esanahiren edo mezuren bat eransten saiatzen al zara?
Esanahiarena ez dakit,... nik agian esanahi bat eman nahi diot eta zuk ikustean beste bat ematen diozu. Argazkiak zerbait espresatzen badu behintzat, gustura gelditzen naiz. Ez, ikusi, “argazkia polita da” edo “itsusia da” esan eta kitto, zerbait sortarazi behar dute barruan.