Etxetik gertu euskara ikasteko aukera
Buruntzaldeko euskaltegiek estreinakoz egin dute matrikulazio kanpaina eskualde mailan. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilek euren herrietan euskaltegiak izan arren eta bakoitzak bere matrikulazio kanpaina egin arren, aurtengoan euskaltegi guztiek elkarrekin egin dute kanpaina ikastaro eskaintza zabalagoa eskaini ahal izateko, ordutegiei eta mailei dagokionez.
Hala, beste herri bateko eskaintza interesatuaren beharretara hobe egokituz gero, bertan matrikula egiteko aukera izango du inongo arazorik gabe. Hau da, Lasarte-Oriako euskara ikasleak ez du inongo arazorik izango Usurbilgo euskaltegiko ikastaro batean matrikulatzeko.
Gainera, maiatzetik martxan dagoen autobus zerbitzuari esker ez dago aitzakiarik eskualdean barrena mugitzeko. Ordutegi zabala eta bi linea, Astigarraga-Usurbil eta Urnieta-Usurbil, eskaintzen ditu zerbitzuak (ikusi ordutegia kirolak.buruntzaldea.org web gunean). Lehenengo autobus zerbitzuak 07:00ak inguruan hasten dira eta azkenak berriz, 22:00ak inguruan igarotzen dira herriz herri. Oso maiz igarotzen direnez, eskualdeko euskaltegietako ordutegiekin bateragarriak izango dira.
2009-2010 ikasturtean guztien beharretara egokitutako ikastaroak eskainiko dituzte eskualdeko euskaltegiek, bai ordutegiari dagokionez, baita edukiari dagokionez ere. Beraz, ikaslearen beharrak edozein direla ere, ziur badirela behar horietara egokitutako ikastaroak.
Ikastaro eskaintza zabala
Eskualdeko eskaintza oso zabala da, eta maila guztietako ikastaroak eskaintzen dituzte bai AEKko euskaltegietan baita Udal Euskaltegietan ere.
Euskara ikasteko diru-laguntzak
Euskara ikasi edo maila hobetu nahi dutenek, Buruntzaldeko udalen diru-laguntza izango dute. Diru-laguntza hauek jasotzeko baldintzak eta emateko irizpideak udal bakoitzaren araberakoak izango dira. Zenbait kasutan matrikularen kostuaren %100 jaso dezakete euskara ikasleek.