Gripea edo A gripea, zer daukat?

Nerea Eizagirre 2009ko irailaren 17a

Azken hilabeteetan A gripeak sortu duen larrialdiak ikusirik, Osakidetzak gripearen txertoaren kanpaina aurreratu du, etorkizunean gerta daitekeenari aurreratuz. Honela, astelehenean hasi zen gripearen txertoaren kanpaina eta urriaren 31era arte iraungo du.

Aurten kanpaina aurreratu da, ez baitakigu hurrengo kanpaina, A gripearena edo gripearena, noiz izango den. Gainera, bi txertoen artean epe bat igaro behar da eraginkor izateko," azaldu digu Mary Luz Jauregui Osasun zentroko zuzendariak.
Zuzendariak azaldu digunaren arabera, "arrisku taldea osatzen duten %70ak jasotzen du txertoa. Normalean lehenengo bi astetan jende ugari etorri ohi da eta gero bigarren aukera bat dago. Baina aurten agian ez dugu horren beharrik. Gainera, aurten besteetan baino txerto gehiago erosi dira, A gripeak sortu duen larrialdiarengatik arrisku taldean dauden guztiak deialdira erantzutea espero baita."
"Batzuk duela bi aste hasi ziren gripearen txertoa noiz jaso zezaketen galdezka, eta ez hori bakarrik A gripearen txertoren kanpaina noiz hasiko den ere galdetu dute askok," gaineratu du Osasun zentroko zuzendariak

Arrisku taldeak

Gripearen txertoa betiko arrisku taldeei jarriko zaiela aipatu zigun Jauregui doktoreak, 65 urte gorako pertsonei, patologia kronikoak dituztenak edo zerbitzu medikoak, esate baterako.
A gripearen taldeak, ordea, “oraindik ez dakizkigu Osasun ministerioak erabaki behar du hori,” adierazi digu Osasun zentroko zuzendariak.
“Logika erabiliaz, taldeak gripe normalarenak izan beharko lirateke. Hauetaz gain, gaixotasun larriak dituzten haurrak ere A gripearen txertoa jasoko dute. Hala ere, dirudienez, 65 urte baino gehiagoko pertsonak A gripearen aurka immunizatuak daude duela urte batzuk antzeko gripe mota bat pairatu zutelako, baina egoera hori aldatu daiteke,” azpimarratu du Mary Luzek.

A gripea

A gripeak hilkortasun txikiagoa duela eta sintomak ere ahulagoak direla baieztatu digu.
“Gripea eta A gripearen sintomak berdinak dira, ezin da jakin bata edo bestea den. Izan ere, gripearen antzera gaixo batek sintoma batzuk izan baititzake eta beste batek beste batzuk. Eta gripearen antzera, hiru edo lau egunetan osatua egon zaitezke, arazorik gabe,” onartu digu Osasun zentroko zuzendariak.
Gainera, “zaila da A gripearen birusa nola hedatuko den jakitea,” aurreratu digu.

Sendagaiak

A gripearen aurka dauden sendagaiei, Tamiflu eta txertoa buruz galdetu diogu Mary Luzi.
“Tamiflua arrisku taldeko jendeari ematen diogu. Birusaren garapena moztu eta gaixotasuna egun bat edo egun erdia murrizten du. Ingresatuak daudenei ere ematen zaie eta haurdun dauden emakumeei ere. Hauei, gainera, kultiboa egin eta negatiboa bada medikazioa kentzen zaie” adierazi digu.
Txertoari dagokionez, “gauzak ongi egin nahi dira eta horregatik egingo dira entsegu klinikoak ere. Gero, pixkanaka joango da txertoa jartzen eta egoeraren arabera esparrua zabaldu beharko da ziurrenik,” aipatu digu.

Haurrak

Mary Luzek azaldukoaren arabera, umeak, gaixotasun kronikoa dutenak izan ezik, ez dira arrisku taldean sartzen. “Kanpaina egiten ari dira gripearen kutsadura handia izan ez dadin,” adierazi digu.
Ikastolan jarraitu behar dituzten arauei buruz ere galdetu diogu, “Osakidetzak urtero egiten dituen gomendioak dira, normalean jendeak kasu handirik egiten ez dien arren,” azaldu du Jauregui doktoreak.
“Honetaz gain, gurasoei eskatu nahiko genieke, haurrak sukarra baldin badu, eskolara ez eramatea. Dalsia eman eta eskolara bidaltzea ez da komenigarria. Birusaren agerraldi masiboa ekidin behar da,” esan digu.

Gripeari buruz

Lasarte-Oriako Osasun Zentroko zuzendariak gomendatuta, “eritasun larria duten pertsonek jo behar dute medikura gripearen sintomak sumatzean. Besteak etxean geratu.”
Edo Eusko Jaurlaritzak jarri dituen web orrialdera, www.euskadi.net/gripe edo gripearen telefonora, 900 474 732, dei dezakete zalantzak argitu eta gripeei buruzko informazioa eskuratzeko.
Era berean, Jauregui doktoreak arrisku taldeetan dauden herritarrak txertoa jartzera animatu nahiko lituzke.