Ingurumena gehien zaintzen duen ibilgailuetakoa den aldetik, bizikletaren erabilerari garrantzia eman nahi izan zaio aurten eta jarduera ugari antolatu dira hilaren 25erako, Andatza plazan.
Autorik gabeko eguna
Baina, aurretik irailaren 22an, asteartea, Europako Autorik gabeko Eguna da.
Eta horregatik, trafikoa itxita egongo da Kale Nagusian, Ola kalearekin elkartzen den puntutik Tajamarreko errotondaraino, 4 orduz, 9:00etatik 13:00etara bitartean.
Bizikletaren festa
Arratsaldeko 16:00etan hasiko da, irailaren 25ean prestatu den bizikleta festa handia.
Lehenengo ekintza, taldeko ibilaldia da. Andatza plazatik hasi eta Plazaola trenbidearen garai bateko ibilbidean barrena adin guztietako herritarrek bizikletaz eta ikuspegietaz gozatu ahalko dute.
Ostean, 17:00etatik 19:30era, bizikletarekin zerikusia duten jolasak eta gymkhana antolatu dira plazan. Jolasak parte-hartzaileen adinera moldatuak egongo dira.
Azoka
Festa-esparru berean eta festak irauten duen bitartean, bigarren eskuko bizikleten azoka txiki bat egingo da.
Bere bizikleta erabilia edo osagarriren bat saldu edo trukatu nahi duen edonork horretarako prestaturiko karpetan utzi ahalko du.
Bizikletak egunean bertan jasoko dira, eta arratsaldeko azken orduan pasa beharko da salmentaren dirua edo saldu ez den bizikleta jasotzera.
Aurtengo azokan, salgai jartzen den bizikleta bakoitzaren fitxa osatuko da. Jabearen eta eroslearen datuak ere jasoko dira, lapurtuak izan daitezkeen bizikletak salgai jartzea ekin edo etorkizunean lapurreta baten aurrean, non erosia izan den zehaztuko duen agiri bat izateko.
Gainera, azoka honek mugikortasun iraunkorrarekin loturiko iniziatibei informazio-puntu gisa funtzionatuko du.
Tailerra
Era berean, haur eta gaztetxoentzat bereziki, baina baita nahi duten helduentzat ere, bizikletaren erabilera eta zainketarako oinarrizko azalpenak emango dira.
Landuko diren gaien artean: bizikleta neurrira jartzearen garrantzia, neurketak egitea, kanbioak nola erabili, frenoak, zulaketak nola konpondu...
Bizikletazko ibilaldian, jolas-zirkuituan eta tailerrean, Lasarte-Oriako Bazpi Txirrindulari Eskolak aktiboki parte hartuko du lehenengoz.
Ingurumeneko Departamentuak, jakin arazten du, euria eginez gero, jarduera horiek guztiak Michelingo teniseko pista estalietara eramango direla.