Lehenengo klaseak otsailean eman baziren ere, ostiralean egin zen Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiaren egoitza berriaren inaugurazio ofiziala.
Ekitaldian Rikardo Ortega Euskara Batzordeko burua, Ana Urchueguia Lasarte-Oriako alkatea, Eugenio Mujika HABEko zuzendari berria, Jesus Mari Asurabarrena Udal Euskaltegiko zuzendaria, Udal, zein HABEeko ordezkariak eta euskaltegiko ikasleak egon ziren.
Rikardo Ortegak guztiei ongi etorria eman eta “matrikulazioei bultzada emateko egiten dugu inaugurazioa,” azaldu zuen. “Gaur, egun garrantzitsua da euskara biziberritzen ari garenontzat,” atxiki zuen.
Ostean, Lasarte-Oriako alkateak Udal euskaltegiaren lehenengo egunak gogora ekarri eta euskaltegia hezkuntza eta formazio zentroa izatea espero duela adierazi zuen.
HABEko zuzendariak herritar guztiei gonbidapena egin zien “euskara mundura hurbildu edo hizkuntza gehiago ikasi nahi dutenei, Udal Euskaltegira etorri daitezela.” •