Patxi Etxeberria omendu du herriko Bertso Eskolak

jon-altuna 2009ko ira. 21a, 02:00

Ttakun elkarteko Bertso Eskolak Patxi Etxeberria bertsolaria omenduko du irailaren 27an kulturetxean. Bertan izango dira hainbat urtetan berarekin aritutako bertsolariak, besteak beste, Andoni Egaña, Imanol Lazkano, Joxe Agirre eta Txomin Garmendia. Gainera Oriotik etorri zen bertsolariaren bizitza jasotzen duen liburua eskuratu ahal izango da bertan sarrerarekin batera. Xabier Lasa kazetariak egin dio elkarrizketa, Patxi Etxeberria eta bere emazte Iñaxiri. Bestalde, Patxiren argazki zaharrak, 50 urtean botatako eta jarritako hainbat bertso eta aipatutako lau bertsolarien hitzak ere jaso dira liburu mardulean.

Bertso eskola aspalditik zebilen Patxi Etxeberria omendu nahirik, eta azkenik, lortu du bere asmoa gauzatzea. Aurten bete dira 50 urte Orion jaio baina ia bizi osoa Lasarte-Orian egin duen bertsolariak lehen bertso saioak egin zituenetik. Eta 50 urteko emari oparoa eskertzeko, omenaldi ekitaldia egingo zaio, irailak 27 igandean, batetik, eta "Patxi Etxeberria. 50 urtez plazagizon. 1959-2009. Hizketan bezala bertsotan”, liburua argitaratu du bestetik. Bertso Eskolaren aspaldiko ideia zen Patxi Etxeberriari buruzko liburua ere. Azkenean bere bizitza jaso da Udalaren laguntzarekin argitaratu den 300 orrialdetako liburuan.
Bertso eskolako ordezkariek adierazi digutenez, "Patxi Etxeberria herrian erreferentzia bat delako" egingo zaio omenaldia. Bertso Eskolako partaide dela nabarmendu dute: kosta zitzaion lehenengo aldiz joan zen arte, baina behin joan eta ordutik hor dago beste bat bezala bere esperientzia gazteagoei erakusteko prest.
Unai Muñoak liburuaren hitzaurrean ederki aipatzen du zergatik egingo zaion "omenaldi xume bezain zintzoa": "Patxik sekulako eragina izan du gure taldean, luxu handia da bere ondoan kantatu ahal izatea eta guztiz eskertzekoa bere jakintza eta esperientzia gurekin konpartitu izana. Patxi, besteak beste, bertsolaritzaren historiaren zati baten lekuko zuzena da. Arretaz entzuten ditugu garai bateko pasarte zein bertso historikoak, ikasteko gogoz barneratzen dugu bere bertsokera bikaina, miretsi egiten dugu bertsoak puntuz puntu josteko duen gaitasuna, aintzat hartzen ditugu bere aholkuak,... Etxeberria gabe Bertso Eskola ez litzateke berdina izango".

Laguntza eta interes handia

Bestalde, Bertso Eskolak azpimarratu du Etxeberria omentzeko asmoa aipatu duten toki guztietan, laguntzeko borondatea eta jarrera ona jaso dutela. "Zerbait eskatu dugun toki guztietan esan digute baietz, Udalean, Aldundian, Intza elkartean, Ttakunen, Bertsozale elkartean,..."
Omenaldia esan bezala irailaren 27an egingo dio Bertso Eskolak Ttakun eta Udalaren laguntzaz. Goizeko 11etan meza izango da San Pedro parrokian eta ondoren ekitaldia 12etan Manuel Lekuona Kultur Etxean. Bertan izango dira, Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu, Unai Muñoa, Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Koxme Lizaso eta Jon Azpillaga bertsolariak, gehienak urte askotan berarekin batera plazan aritutakoak.
14:30ean burutuko da bazkaria Intza elkartean. Patxi Etxeberria elkarteko bazkidea da aspalditik. Dena den, Ttakuneko antolatzaileek jakinarazi dutenez, bazkaritarako dagoen tokia murritza dela eta, gonbidapena jaso dutenek soilik izango dute bertan izateko aukera.
Omenaldi egunetik aurrera eskuratu ahal izango da Patxi Etxeberriaren bizitza jasotzen duen liburua: Xabier Lasa Andoaingo kazetariak egin dio elkarrizketa luze eta sakona, Lasa berak elkarrizketatu du Iñaxi bere emaztea ere eta bertso eskolako kideek Andoni Egaña, Imanol Lazkano, Joxe Agirre eta Txomin Garmendia. Ondo ezagutzen dute bertsolariek 50 urtean bertsotan aritu den Patxi eta haren hainbat kontu bitxi jakinarazi dituzte.

50 urtetako bertsoak

Unai Muñoak egin du hitzaurrea, eta bestalde, Errikotxia Orioko bertsozaleen elkartearen izenean Iñaki Iturainek Patxiri buruzko artikulutxoa idatzi du. Liburuan jaso dira Patxi Etxeberriaren hainbat argazki eta bere ibilbidean sortutako hainbat bertso ere, bat batekoak zein idatziak.
400 bertso baino gehiago sartu dira bilduman, Patxik berak edo berarekin bertsotan aritu direnek botatakoak. Lehenengoak 1963an Hernaniko Erenotzu auzoan Txirritaren omenez kantatutakoak eta azkenak aurten San Pedrotan egindako saiokoak. Denetarik dago, agurrak, bakarka egindako saioak, ofiziotan egindakoak, puntuari erantzunak, puntuka egindako saioak eta berak jarritako bertsoak, idatzitako bertso paperak, alegia. Azken urtetako saioak Bertso Eskolakoek grabatutakoak dira, baina grabaketa gehienak Mintzolan jaso dituzte, Xenpelar Dokumentazio Zentroan eta zahar zaharrenak, 50-60 hamarkadetatik aurrerako txapelketetakoak, Euskadi Irratian.
Grabaketak euskarri askotan zeuden, zintan, Beta eta VHS bideo zintatan, CDtan... eta bi lan egin behar izan dituzte: batetik grabaketa horiek transkribatu; bestetik bertsoen aukeraketa eta prestaketa. Hau Amaia Agirre, Joxe Krutz Labaka eta Imanol Lizardiren lana izan da.
Argazki ugari ere ageri da liburuan. Etxeberriaren bertso ibilerako argazkiek zenbat bertsolarirekin batera kantatu duen erakusten dute, baina badaude bere bizitzakoak ere, besteak beste, arrandegikoa, soldadutzakoa edo mutikotan arrantzan lan egin zuenekoa. Azken hauek dira ikusgarrienetarikoak. “12 urterekin edo hasi zen. Gaur egun bidali ezazu 13-14 urteko haur bat itsasora!!!” kontatu digu Xabier Lasak, harekin hainbat solasaldi izan eta gero Patxitaz asko ikasi duen kazetariak. Dozena bat aldiz izan da Etxeberriaren etxean honen hitzak jasotzeko. "Aldi bakoitzean pare bat ordu arratsaldeko 6etatik 8ak aldera arte, afalordura arte".