“Patxi Etxeberria. Hizketan bezala bertsotan. 50 urtez plazagizon. 1959-2009”. Zergatik jarri diozu izenburu hau liburuari?
50. zenbakia borobila da. Jarri behar zen eta "Hizketan bezala bertsotan" horrek definitzen du bere generazioko bertsolarien jarduna. Hiztegia agian ez daukate oraingo bertsolariek bezain aberatsa, jakina da unibertsitatetik ez direla pasa eta ez darabilte haiek bezain hiztegi modernoa, baina joskera aldetik bazkaloste edo afaloste batean ia ia hizketan bezala aritzen dira bertsotan.
Hizketan bezala bertsotan ari den generazio hori galtzen ari da gainera. Patxi da geratzen den bakarretakoa.
Nolako liburua da?
Testigantza liburua da. Historiako liburuak egiteko dokumentazioetara jotzen bada, hemen aldiz ahozkotasunera, bizirik dauden pertsonengana jo dugu: Batetik Patxirengana noski, eta bestetik bere generazioko bertsolariengana. Azken batean belaunaldi baten eta bizirik dagoen bertsokera baten testigantza jaso da.
Zein inpresio egin dizu Patxi Etxeberriak?
Bertsolaria oso gutxitan entzuten dugu hizketan. Patxi bertsotan ezagutu dut, Lasarte-Orian edo Azkorten, baina, orain, ordu batzuk pasa ditut bere etxean eta gozatu egin dut bere hitz jarioarekin. Grabagailua martxan jarri eta gai bat proposatzea nahikoa zen. Ordu terdi-bi ordu eman eta eman aritzeko.
Ia galderarik egin beharrik ez, ezta?
Guk ez daukagu gaitasun hori, gauzak, tonu goxo horretan kontatzeko era hori. Solaskide bezala duen gaitasuna da gehien nabarmenduko nukeena eta grabazio horiek altxor bezala dauzkat jasota, urte batzuk barru museotara eramateko: "euskaldunek horrela hitz-egiten zuten" frogatzeko. Hizkera hori gaurko gazteok ikasi beharreko eredua da, hitz-egiteko eta bertsoak egiteko erraztasun hori askok goraipatu dute.
Berarekin elkarrizketa luzea izan duzu, beste bertsolari batzuei egindako elkarrizketak ere jaso dira liburuan, zein ezaugarri zituen Patxik, nola definituko zenuke?
Hizketan eta tratuan goxoa da. Umila ere bada. Omenaldiarena ez zitzaion burutik pasa ere egin: 50 urtetan bertsotan aritu da, bere dohain naturala horixe izan da, baina berak ere aitortzen du ez zuela, Lasarte, Uztapide edo Basarriren mailarik. Hankak lurrean eduki ditu eta noraino iritsi zitekeen jakin du. Horrek asko lagundu dio 50 urtean irauteko.
Bertso eskolara ere umiltasun osoz joan da eta hori ere aitortu beharko zaio.
Zer iruditu zaizu bertso eskolak omenaldia antolatu eta liburua argitaratzea,...
Oso interesgarria da Bertso Eskolaren ideia. Askotan esker txarrekoak gara herri honetan, omenaldiak hil eta gero egiten dira. Orduan gogoratu eta oroigarri bat jarri,... Etxeberriarena proposatu zidatenean hori egin zitzaidan erakargarria, batetik bertsolaria eta bere hitz jarioa, eta bestetik bizi den pertsona bat omentzen zela. Nik uste egin behar direla eta asko dagoela egiteko.
Pertsona zaharrei elkarrizketak egiten ohitua zeunden, Andoainen 36ko gerraren ondorioak jasan zituztenak elkarrizketatu dituzu...
Beti gustatu zait entzutea. Txikitan ere Goizuetako amonarengana bisitan joaten ginenean, ama eta lauzpabost ahizpa jartzen ziren hizketan igande arratsaldean eta entzuten egoten ginen. Denok daukagu zerbait esateko eta entzule ona kontsideratzen naiz. Hizlaria baino entzule hobea. Gerrako kontu eta esperientzia oso gogorrak entzun ditut.
Jarraituko al duzu lan honetan?
Jarraitzen dut baina gero eta jende gutxiago geratzen da hura kontatu dezakeena.
Heriotza eta hilketak, umezurtz geratzeak,... tartean daudenean kontakizunak oraindik gogorragoak egiten dira. Esperientzia hori ezin da konparatu beste ezerekin: Aurrez aurre pertsona horiek nola hustu diren, nola kontatzen dizuten, agian 70 urtetan, inori, beldurragatik edo, ezta seme alabei ere, kontatu ez diotena.
Nolako harrera izan du, Oroituz elkartearen liburuak?
Andoain mailan oso ona. Mila liburuko edizioa atera genuen eta erdia herrian bertan saldu da. Andoainen 500 liburu baino gehiago saltzea ondo dago.
Belaunaldi berriei ez aipatu gerra konturik, ze historiaurreko kontuak direla dirudi, baina 50-60 urtetik aurrerako jendearengan bere inpaktu txikia eduki du. Oroimenean gordeta edo ezkutuan ziren istorio batzuk izen abizenekin argitaratzean, errugabeak eta hildakoak dauden bezala, errudunak daude, hauen oinordekoak ere bizilagun dira, eta badakit zenbait familiatan ezinegona sortu duela, baina baita beste familia askotan, biktima zuzenak izan zirenen artean, halako desahogo edo lasaitua: "bazen garaia" esan dute, 70 urte ondoren justizirik ez da egin, baina behintzat gauzak jakiteko bide bat hor dago.
Bestela, kazetari ari zara lanean Andoainen, Aiurri aldizkarian. Zer moduzko lana da?
Herrian bizi den jendeari elkarrizketak egiteak ematen dit satisfakzioa, baina bestalde, buruko mina ere bai, dena presaka egin beharrak.
Liburutik aldizkarira badago aldea. Liburuak beste erritmo bat du, ezta?
Bai, noski.