Zenbat urte dira La Seu d'Urgell-en entrenatzen?
Urte asko daramazkit bertan entrenatzen.
Euskal Herrian ez dugu Slalom-erako instalakuntzarik, beraz, Seoraino joan behar izaten dugu kirol honetan aurrera atera nahi badugu behintzat.
Zure ohizko entrenamendu kanala izateak asko eragin al du Munduko Txapelketako bigarren postua irabaztean?
Slalom-eko konpetizio batetan lokala izateak laguntzen du. Nahiz eta ondo dabilena, edozein tokitan dabilen ondo.
Taldeko lehiaketan hamaikagarren postuan bukatu zenuten. Espero al zenuten?
Taldeko lehiaketa konplikatua da. Talde bereko hiru enbarkazio goaz elkarrekin jaisten eta sinkronizazioak perfektua izan behar du.
Guk jaitsiera oso azkarra egin genuen. Bigarren denbora hoberena egin genuen, baina taldekide batek ate bat saltatu zuenez, 50 segunduko penalizazioarekin 11. postuan geratu ginen.
Sailkapenenetan eta final aurrekoetan lehenengo postua lortu ondoren, finalean lasaiago al zinen?
Mundialean lasai egotea ezinezkoa da eta finalean, are gutxiago. Pausuz-pausu joan beharreko konpetizioa da.
Sailkapenetan, lehenengo 20etan sartu beharra dago finalerdietarako eta bat, ezin da despistatu. Huts minimoak kanpoan uzten zaitu.
Finalerdietan aldiz, jaitsiera bakar batean lehenengo 10etan klasifikatu behar da finalera sartu ahal izateko.
Eta azkenik, finala daukagu, non, lehenago egindako konpetizio guztiak ez duen ezertarko balio. Berdin dio lehenengoa edo azkena sartu. Emaitza, finalean egindako jaitsieraren ondorio izango da.
Nola bizi zenuen finala?
Ahalik eta kontzentratuen. Nire jaitsieran oso sartuta. Ezin nuen burua beste gauzetan despistatu. Ikaragarria izan zen jendeak nola animatzen zuen. Espektakulo polita izan zen.
Penalizazioak urrezko domina galtzea suposatu zuen, zer pentsatu zenuen jakitean?
Metara iritsi bezain laster panel bat genuen non postua eta egindako denbora agertzen zen. Horregatik, momentuan jakin nuen eta ez zidan grazia handirik egin, baina 20 minututan pasa zitzaidan.
Sekulakoa da Munduko Txapelketa batean bigarren geratzea. Eta are gehiago, etxean ospatutako Munduko Txapelketa batean izateak.
Eta txapelketaren ostean, zer dator?
2008ko urritik daramat Munduko Txapelketa hau prestatzen. Jadanik amaitu da eta orain hilabeteko atsedena dut.
Ondoren, buru belarri berriz ere entrenatzera.
Londreseko Oinpiadak ditut buruan, eta horretarako gogor entrenatu beharra daukat. Olinpiadetarako txartela lortzea oso zaila da, plaza murriztuak baitaude. Eta plaza hori lortzeko, bide luzea egin beharra dago.
Beraz, behin atsedena amaituta, ilusioarekin bueltatuko naiz uretara.
Txapelketaren ostean, Maialenek dioen bezala, atsedenaldia dator eta gure artean dagoela aprobetxatuz, Lasarte-Oriako Udalak gaur egingo dio harrera pleno aretoan.