Aisialdirako aukera zabala euskaraz

jon-altuna 2009ko irailaren 21a

Lasarteoriarrek denbora librean beren zaletasuna euskaraz garatzeko aukera dutela jakinarazi dute herriko hainbat elkartek. Ostiral arratsaldean Jalgin egindako agerraldian eman zuten herrian aisialdirako dagoen aukeraren berri Ttakun Kultur Elkarteko eta euren jarduerak euskaraz burutzen dituzten zenbait taldetako ordezkariek: norberak nahi duena eta gustuko duena segur-aski euskaraz egiteko aukera izango du Lasarte-Orian.

Lasarte-Orian ikasturte berrian aisialdi garairako euskaraz zer egiteko aukera dagoen jakinarazi zuten herriko hainbat talde eta elkartetako ordezkariek.
Mailu Arruti, Ttakun Elkarteko kultur dinamizatzaileak adierazi zuenez, “helduek, beren zaletasunetik abiatuta, denbora librean euskaraz aritzeko aukera dute; bakoitzak nahi duena eta gustatzen zaiona egin dezake”. Euskaldunen harreman sare bat ireki nahian dabil Ttakun kultur Elkartea, “gure denbora librea ahalik eta ondoen eta jende jatorrenarekin betetzeko” laburbildu zuen Arrutik.

Eskaintza zabala

Horrela hainbat aukera eskaini ziren besteak beste, kantua, dantza garaikidea, antzerkia, batukada, mendi eta kultur irteera edo txangoak, eskulanak, ikastaroak edo besterik gabe kontu kontari egoteko aukera solaskide programari esker: Hemen euskaldun zahar eta berriak elkartzen dira, kafe bat hartuz edo ibilalditxo bat emanaz kontu kontari aritzeko.
Garai honetan egiten dira urte osorako planak eta Mailu Arrutik gonbidapena luzatu zien bai euskaraz ondo dakitenei eta baita ikasten ari direnei eskaintzen dituzten aisialdiko aukeratan parte hartu dezaten. “Euskaraz egin daitezkeen ekintzak asko dira, eta aukera eskaintzen die euskaldunei euren gustukoa bere hizkuntzan egiteko, eta ikaste prozesuan daudenei nahi dutena eginez, euren zaletasunetik abiatuta, euskara erabiltzeko eta hobetzeko”. Biak lotzen dira beraz, zaletasuna eta ikasketa.

Ikasturte berrirako asmoak

Jalgin burutu zen prentsaurrekoan taldeetako ordezkariek aurreko urteetan egin dutena eta ikasturte berrirako dituzten asmoak jakinarazi zituzten, interesa dutenek aisialdirako zein aukera dituzten jakin dezaten.
Eskulan tailerretan aritu diren Gurutze Irazusta eta Arantzazu Errastik aipatu zuten iaz osatu zutela taldea euskaldun berri eta zaharrek, eta bakoitzak zekien teknika erakutsi ziela besteei: batetik kamisetak margotu zituzten, bestetik hauei toke bitxia eman botoiak edo haritxoak jarriz, edota panpinak egin zituzten. Aurten 15ean behin larunbat goizetan Erribera kalean elkartzeko asmoa dute eta orduan erabakiko dute zer egin. Dena den aurreratu zuten aurtengo helburua taldea iraunkortzea dela eta taldean badirela makramea egiten dakitenak, dekorazioa lantzen dutenak eta bitxigintzan ari direnak, besteak beste.
Solaskide programan ari den Veronica Lopezek eman zuen egitasmoaren berri. Astean behin ordubetez elkartzen dira euskaldun berriak euskaldun zaharrekin kafe bat hartuz edo paseatuz kontu kontari aritzeko. Ikasten ari direnentzat euskaldun zaharren laguntza mesedegarri dela aipatu zuen bi urtetan bere euskara maila nabarmen hobetu duen herritarrak.

Asteburuko irteerak

Oñatz taldeko Laura Cespedes-ek azaldu zuen gero eta txango gehiago egiten dituztela. 2009-2010 hirugarren ikasturtea dute eta bost edo sei irteera aurreikusi dituzte. Iaz lau irteera egin zituzten igandetan eta asteburu osoko bat. Batetik mendi buelta lasai bat eman ohi dute eta gero inguruko tokiren bateko historia, kultura edota bitxikeriak ezagutu.
Urriak 4an Donibane Garazira joango dira Oñatz taldekoak; azaroan Gasteizera; otsaila inguruan Zerainera; ondoren Orozko, Elorrio eta Bergarara; bi egunetako irteera aurten Bardeetara egiteko asmoa dute eta baita, ikasturtea brobiltzeko uztaila bukaeran Boisen AEBetan egiten den euskararen inguruko jaialdira bidaia antolatzeko ere.
Xumela Koruko Elena Miguelek azaldu zuen 4. ikasturtea izango dela hurrengoa, oso ondo pasatzen dutela, Landaberriren DBH ikastetxean lagun asko elkartzen direla astelehenero arratsaldeko 19:30etik 20:30era, baina abesbatza kantatu nahi duen orori irekia dagoela, ez dela premiazkoa ahots bikaina edukitzea, alegia.
Antzerki taldeko Kontxu Iarza eta Pablo Barriok adierazi zuten 8. urtez helduen bi talde izango direla: Astelehenean arratsaldez 19:00-21:00 eta astearte goizetan 9:15-11:15. Gazteen taldea ere bada ostiraletan 15:15etik aurrera elkartuko dena. Talde hauek ikasturte bukaeran Antzerki Asterako lan bat prestatzen dute, baina Pablo Barriok adierazi zuenez ez da hori bakarrik, "aparte gauza asko ikasten dira, jende aurreko lotsak gainditzeko, edo barruak ditugun trebetasunak kanporatzeko... Ez da bakarrik antzezlana, bidean asko ikasten da".
Dantza Garaikidean ari den Junkal Perezek jakinarazu zuen antzerkian bezala helduen bi talde eta gazteen taldea direla. Azkenik batukada taldean den Iñigo Bobillok esan zuen berak sekula musika tresnarik jo ez badu ere, oso erraz ikasi duela eta herritarrak animatu egin zituen ostiraletan 19:00 eta 21:00 bitartean batukada jotzera joateko. Hirugarren urtea da taldea martxan jarri zenetik eta bi talde elkartzen dira gazteena eta helduena.
Bestalde Mailu Arrutik beste aukera batzuk ere aipatu zituen, batetik bertso eskola, -ostegunetan 19:00-21:00 bitartean Erriberako lokalean, adin ezberdineko bertso zaleak elkartzen dira- eta bestetik, ekintza puntualak, Inauteriak, San Pedrotako Sorgin Dantza, uztailean Parodian...