"Patxi Etxeberria. Hizketan bezala bertsotan. 50 urtez plazagizon" liburua aurkeztu zuten atzo

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 23a

Atzo aurkeztu zuten Koldo Mitxelena kulturgunean, Patxi Etxeberriaren bizitzari buruzko Xabier Lasak idatzitako liburua, "Patxi Etxeberria. Hizketan bezala bertsotan. 50 urtez plazagizon, 1959-2009"
Aurkezpenean izan ziren Lasarte-Oriako Udalaren izenean Ricardo Ortega Euskara saileko burua, Xabier Lasa liburuaren egilea, Patxi Etxeberria omendua, Imanol Lizardi Bertso Eskolako ordezkaria eta Felix Irazustabarrena Gipuzkoako Bertsozale Elkartekoa.
Igandean omenduko du Lasarte-Oriako bertso eskolak Patxi Etxeberria. Omenaldiaren aurkezpenean Imanol Lizardi eskolako ordezkariak jakinarazi zuen "gurekin bertso eskolan 10 urte eta plazaz plaza kantuan 50 urte baino gehiago daramatzan bertsolariari egingo zaion omenaldiak" bi zutabe dituela, liburua eta omenaldi-ekitaldia. Etxeberriaren bertso garaikideak eta kantu-kideak ekarri nahi izan ditu Bertso Eskolak eta igandean eguerdiko 12etan kultur Etxean kantatuko dute Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Koxme Lizaso eta Jon Azpillagak, Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu eta Unai Muñoarekin batera.