Zortzi hilabetez, urritik maiatzera bitartean eta astean bi arratsaldetan, Danok Kideko egoitzan, Blas de Lezo kalean, izango dira Esperientzia eskolako ikastaroak. Ikasturtea bukatzen duten ikasle guztiei, gainera, diploma emango zaie.
Azpimarragarria da, Danok Kidek eta Mugabek elkarlanean daramatzaten sei urte hauetan 200 bat izan direla Esperientzia eskolako ikastaro eta hezkuntza iraunkorrean parte hartu duten herritarrak.
Esperientzia eskola
50 urtetik gorako pertsonei zuzendua dago Esperientzi eskola eta ez da beharrezkoa aurreko titulaziorik.
Leku ireki eta elkartrukeko gune bat izateko asmoa du eskolak.
Bertan pertsona nagusiek formatzeko eta era guztietako esperientziak elkartrukatzeko baliabide erabilgarri bat izango dute. Eta, aldi berean, hezkuntza eta kultura maila aproposa lortu ahalko dute, ondoren gure gizartean positiboki eragin ahal izateko.
Horregatik, eskola honen helburuetako bat, garapen pertsonal, eragingarri, osasungarri eta arrakastatsua sustatzea da eta horretarako, maila fisiko, psikiko nahiz sozialean formakuntza emango da.
Era berean, adin honetako pertsonen parte hartzea bultzatu nahi da, gizartean paper aktiboa, erabilgarri eta asegarria izan dezaten.
Eta pertsonarteko eta belaunaldi arteko harremanak sustatzea ere bada Esperientzi eskolaren helburu nagusietako bat.
Ekintzak
Eskolako ikasgaien artean, osasunaren mantentze eta hobetzea, gizarte harremanak eta komunikazio gaitasunak, Filosofia, Psikologia edo Bioetika daude.
Baina ikasgaiez gain, ekintza kulturalak ere antolatzen dituzte, hala nola, hitzaldiak, bidaiak, bisita gidatuak edo beste eskolekin elkar trukea.
Izena ematea
Interesatuek Danok Kideko egoitzan bertan edo INGEMAko 943 224 146 telefono zenbakian izena eman dezakete, urriaren 10a baino lehen.
Ikasle kopurua mugatua denez, matrikula lehen bai lehen egitea aholkatzen dute Danok Kide elkartetik.