Lagunak kantari Patxi Etxeberriari

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 25a

Igandean omenduko du Lasarte-Oriako bertso eskolak Patxi Etxeberria. Omenaldiaren aurkezpenean Imanol Lizardi eskolako ordezkariak jakinarazi zuen "gurekin bertso eskolan 10 urte eta plazaz plaza kantuan 50 urte baino gehiago daramatzan bertsolariari egingo zaion omenaldiak" bi zutabe dituela, liburua eta omenaldi-ekitaldia. Etxeberriaren bertso garaikideak eta kantu-kideak ekarri nahi izan ditu Bertso Eskolak eta igandean eguerdiko 12etan kultur Etxean kantatuko dute Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Koxme Lizaso eta Jon Azpillagak, Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu eta Unai Muñoarekin batera.
Jakina da Orion jaio eta Lasarte-Orian egin duela bizitza Patxi Etxeberriak eta besteak beste, bi herri hauetako Udaletako ordezkariek, Foru Aldundikoek eta bi herrietako bertso eskolek hartuko dute parte omenaldian.
Aurkezpenean izan ziren Lasarte-Oriako Udalaren izenean Ricardo Ortega Euskara saileko burua, Xabier Lasa liburuaren egilea, Patxi Etxeberria omendua, Imanol Lizardi Bertso Eskolako ordezkaria eta Felix Irazustabarrena Gipuzkoako Bertsozale Elkartekoa.

Udalari eskerrak

Udalak emandako erraztasunak nabarmendu zituen Imanol Lizardik Ricardo Ortegari hitza eman aurretik. Honek, gizon ezaguna eta estimatua, Lasarte-Orian euskara unerik latzenetan zegoenean kantuan aritu zen bertsolari bakarretakoa dela esan ondoren, Patxiren ibilbideak emandako fruituak aipatu zituen: "bi aipatzeagatik, Bertso Eskola eta herriko ikastetxetako haur guztiak jasotzen ari diren Ahozkotasuna eta Bertsolaritza egitasmoa".
Xabier Lasak liburuaren egitura laburbildu zuen, batetik testigantza zuzenekin eta bestetik Patxi Etxeberriak kantatutako bertsoekin osatu dela aipatuz. Mattin, Xalbador, Basarri eta Uztapiderekin egin zituen saioetako bertsorik jaso ez izanaren eztena aipatu zuen, grabaketa duela urte batzuek hain hedatua ez zenez Xenpelar dokumentazio Zentroan ez omen dituzte aurkitu. Liburuan, Patxi Etxeberria, bere emazte Iñaxi Etxeberria, Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Txomin Garmendia eta Andoni Egañaren ahotik kontatu da bertsolariaren bizitza, Lasaren iritziz, "Kontu kontalari apartak, xamurtasun eta umore handikoak".
Patxi Etxeberriak berak "izugarrizko poza" duela azaldu zuen hainbeste lagun jator han aurkezpenean ikusita. Bertso eskolakoek berotu eta azkenean amore eman zuela: "Nik ez nuen pentsatu ere egin bizitza osoan liburu bat izango nuenik. Lehenago ere proposatu zidaten Joxe Mari Iriondok adibidez. Ezetz esan nion eta utzi egin genuen. Hauek hura baino egoskorragoak izan nonbait eta hala nola izaten diren gauzak, argia ikusi du. Liburua jaio da, poz handia hartzen dut eta eskertzen dizuet zuek bataiatzera etorri zaretelako" esan zien aurkezpenean izan zirenei.

Belaunaldien arteko zubi

Felix Irazustabarrena Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko ordezkariak adierazi zuen azkenik elkartearentzat pozgarria dela Etxeberria omentzea eta era berean ideia bera bertso eskolatik sortua izatea. "Arrazoi asko daude omentzeko baina nik bat aipatuko dut. Bertsozale Elkartearen ardatza bertsolaritzaren transmisioa da, gure ondarea beste belaunaldiei ematea, eta Patxi Etxeberriak bere bizitzan hori egin du, bere garaiko bertsolariekin, gazteagoekin eta oso gazteekin."
Omenaldi egunean 10 euroren truke ekitaldiko sarrera eta liburua emango dira eta sarrera soilak 3 euro balio du. Astelehenetik aurrera liburua Udaleko euskara zerbitzuan eskuratu daiteke 10 eurotan.