Oporrak amaitu eta gero ... ni ere "lehiakorra izaten" hasi naiz, nire zutabekide batek duela aste pare bat eskatzen zuen bezala.
Herriari begira, azken egunotan somatzen da zenbait obra piskanaka amaitzen hasi direla. Horren adibide dira, besteak beste, hirigunean estreinatu berri diren oinezkoen pasabide handi, zabal eta gorri-gorriak. Azkenaldi honetan inoiz baino sarriagotan gertatu izan zait oinezkoen pasabidea igaro nahi izan eta beribilen edo autobusen bat, "txistu bizian", gelditu gabe, nire aurretik pasatzea, eskubide osoa nirea izanik noski. Batzutan haurra soinean neramala eta guzti!!! Gidaria normalean konturatu izan ohi da eta besoa altxa izan ohi du (barkamena eskatuz edo pentsatu nahiko nuke).
Horrelakoak gertatzen zaizkidanean beti zera pentsatu izan dut: kontatuko banitu barkamena zenbatetan eskatu didaten eta horri barkamena eskatu ez didaten (hori ere gertatzen da) kopurua gehitu, zenbat alditan bukatu izango zukeen nire buruak ospitalean zaurituta ... edo hilik? Baietz 50 alditan gutxienez!!!
Oinezkoek pasabideetako errege edo erregin (monarkiko, errepublikar, edo beste edozein itxurakoa) behar dute izan behingoz, eta behin eta betiko!!! Bai jauna!!!
Bukatzeko, gauzatxo bat besterik ez, badirudi "kimu berdeak" gure inguruan Europako beste herrialdeetan baino beranduago irtengo direla. Berri ekonomiko on gutxi dago azkenaldi honetan.