“Talde bezala, iazko taldea mantenduko dugu. 60 eta 70 kirolari artean izango ditu. Horietatik umeak 24 bat izango dira; besteak 10 urtetatik gora berrogei urtera arte gutxi gora behera,” azaldu digu judoko entrenatzaileak.
“Taldeari dagokionez, nire helburu nagusia taldea sendotu eta haiek disfrutatzen jarraitzea da. Eta ekintzarekin Lasarten jarraitzea, ez dela gutxi,” adierazi digu Aristegik.
“Honetaz gain, pertsonak hezten saiatzen naiz.Nire judokak pertsona onak izan daitezen da nire helburua. Gainera, ikasketei ere garrantzia ematen diegu, galdetzen diegu, ezin dugu gauza askorik egin baina gainean egoten gara. Eta gurasoekin ere harreman estua dugu,” atxiki du.
Lan taldea
Judokek gainera laguntza handia dute bai LOKE elkartetik, baita beharrezkoa duten egoera fisikoa mantentzeko ere.
“Aipatzekoa da ere dietista batekin lan egiten dugula. Gure kirolean oso garrantzitsua da pisua eta Ainhoa Aierdirekin urte batzuk daramatzagu lanean eta oso pozik gaude. Bestalde, Sinergia fisioterapia taldearekin ere harremana dugu eta haiekin lesioak eta alde fisikoa lantzen dugu,” aipatu digu Gorka Aristegik.
Lehiaketak
“Denboraldia a tope dugu. Maila guztiak ditugu eta horrek ia astebururo lehiaketa izatea dakar, juniorrek ez dutenean, dute infantilek edo kadeteek,” erantzun digu lehiaketei buruz galdetzerakoan.
Aurreko urteetan judoaz gain, sanbo, borroka eta kata lehiaketetan parte hartu eta dominak eskuratu dituzte LOKEko gaztetxoek, baina “aurten ez dugu borroka egitekoa asmoa,” aipatu digu Gorka Aristegik.
Judoka ezberdinek dituzten aukeretaz ere hitz egin du, “Beñat Elizalde gogor entrenatzen jarraitzen du eta ea aurten ere zortea duen. Juniorrak, hiru edo lau ongi ibiliko dira. Gehienak neskak dira, Leire, Amaia... Kadete mailan ere, gogo asko duten jendea dugu, Esteban, Mario eta iazko infantil batzuk ere lehian egongo dira eta alebinetan ere talde ona dago.”
Bidaiak
Inguruko lehiaketez gain, LOKEko judokek bidaiatzeko aukera izango dute aurten. “Urrian Leire Zubizarreta Palermora doa Hondarribiko taldearekin taldekako lehiaketa batean parte hartzera. Urtero bezala, Pau eta Sauvignonera joango gara, baita Avilesera ere. Eta Menorcan udalekuak egiteko proiektua dago,” adierazi digu entrenatzaileak.
Eta ez hori bakarrik, “asteburu honetan Valentziara goaz entrenatzera. Gaur egun judon potentzia bilakatu da eta bertan entrenatzen du Munduko txapeldun ordeetako batek. Eta hara goaz Oiartzun eta Hondarribiako taldeekin batera haiekin entrenatzera,” esan digu Gorkak.
Zilarrezko domina
Honela, lehengo asteburuan, Beñat Elizaldek denboraldiko lehenengo domina eskuratu zuen Valladolideko San Lorenzo txapelketan, zilarrezko domina.
“Ez nuen emaitza hori espero,“ onartu digu LOKEko entrenatzaileak, “fisikoki oso ongi zegoen baina judo aldetik oraindik lana zuen egiteko, baina lan zoragarria egin zuen eta zilarrezko domina eskuratu zuen.”
Izena ematea
Ohiko kiroletatik kanpo, zazpi urtetik gorako haurrek kirola egiteko aukera ona da judoa. Izan ere, “guk izena ematea irekia dugu beti eta probatzeko aukera ere ematen dugu inongo konpromezurik gabe,” esan digu Aristegik.