Ur Jolasak, antzerkiak, tailerrak, festak ...

itxaso-moreno 2009ko irailaren 25a

Lasarte-Oriako gazteak, 3-18 urte bitartekoak, udan disfrutatzeko aukera zabala izan dute. Txokoak eta Kanpaldiak, bi modu elkarren arteko harremanak sustatu, sortu eta indartzeko aukera, modu dibertigarrienean. Aurten, orotara 500 gaztek hartu dute parte Ttakun kultur elkarteak proposatutako eskaintzan. Errotzen doan ekintza honetan gero eta gazte gehiagok hartzen dute parte. Neguan ere, euskararen normalkuntzarako bideari jarraipen bat emateko, Ludoteka martxan jarri zen pasa den astelehenean.

Txokoak

Ez da zaintza programa bat soilik, heziketa prozesu bat da, pedagogikoa. Txikitatik hasiz, kozkortu arte irauten duena. Ondo planteatutako programa eta martxa altukoa dela diote antolatzaileek. Tentuz eta harretaz prestaturikoa. Begiraleen lana garrantzitsua da eta aurten oso giro polita sortu da, arduradunen ustez, lan ederra egin dute eta horrek umeengan eragina izan du.
Parte hartu duten umeen kopuruak ere, aurten gora egin du nabarmen txokoetan, ia 500 lagun izan dira: uztailean 422 ume, abuztuan 60, guztira 482.
Ur jolasak, aparraren festa, sukaldaritza tailerrak, bide heziketa... jorratu dituzte. Azken hau ezberdin landu da txikieneta zaharragoen artean. Txikiak Garaikoetxean bertan landu zuten jolasen bidez. Gainerakoak kalera irten ziren. Taldeka banatu eta bakoitzak kolore bat irudikatu zuen. Herria gunetan banatu zen, Korrikan egiten den antzera eta talde guztiak biltzen zihoazten heinean bizikleta tropel ikaragarria sortu zen, eta amaieran, talde guztiak elkarrekin zeudenean, kolore guztien artean, ortzadarra osatu zuten. Ibilbidean aurkitu zituzten seinale guztiak errespetatuz, helmugara iritsi beharra zuten, eta baita lortu ere.
Txokoetan aritu diren ume helduenen ekintza nagusia, kirola izan da, baina ez dituzte ohiko kirolak jorratu, beste batzuk irakatsi dizkiete; hala nola; piraguismoa edota txirrindularitza. Bestalde, “GauPasa”n ere parte hartu zuten. Aurten Asteasu bisitatu eta gauean, bertako frontoian egin zuten lo. Umeek oso gogoko duten ekintza dugu hau.
Gorputz adierazpenak eta hizkuntza lantzeko jaialdiak ere prestatu dira. Txikienen kasuan, emanaldia kalean egin zen. Dantzak eta abestiak prestatu zituzten gero ikasitakoa hurbildutako jendeari aurkezteko. Teknika interesgarria da, bai gorputz adierazpena bai hizkuntza lantzeko baliogarria. Eta era berean hizkuntza jasotzeaz aparte, lantzeko ere aukera eskaintzen duena. Zaharrenek, txikien antzera prestatu zuten emanaldia, baina antzerkia ere egin zuten. Gainera, kalean beharrean, Kulturetxean eskaini zuten emanaldia.

Kanpaldiak

Mendigorrin ibili dira aurten 9-12 urte bitarteko gazteak. Guztira 60 joan dira. Ibiltaria ez den kanpaldi bakarra dugu hau. Aurten, igerilekua izan dute etxean bertan, eta horrek onura handia ekarri du, programazioa eratzeko orduan asko lagunduz.
Urtero bezala, txirringa eraman dute gazteak eta ondoko herrietara joateko erabili dute. Abentura ere ez da falta izan kanpaldian. Txirringa hartu eta Larragara abiatu ziren, han jolasak eta ekintza ugari egin eta gero, frontoian gaua pasa zuten. Arrakastatsua, bat-bateko ekintza zelakoan. Honetaz aparte, Sendavivara joan dira, mozorro festa egin dute, eta arrakasta handikoa, gau erromantikoarena izan zen. Aspertzeko momenturik ez.
Berrogei lasarteoriatarrek parte hartu du aurtengo kanpaldi ibiltarietan. 13-15 urte bitartekoak Bermeotik atera eta Castro inguruan amaitu zuten. Bide luzea, baina ttipi-ttapa helmugara iritsi ziren. 16-18 urte bitartekoak Garañotik, Bizkaiko kostara abiatu ziren eta baita heldu ere. Ibiltzeaz gain, kanpaldi hauetan piraguismoan, eskaladan, tirolinan... aritu ziren. Dibertitzeko aukera eta era asko uztartzen dira. Aurten gainera, gazteen arteko harremanei eman zaie garrantzi handia, beraz, jarduera gehienak horretara bideratu dira.