Hilaren 21an jarri zen berriro martxan Ludoteka. Udan egin dituzten egitasmo horiei jarraipen bat emateko asmoa dute aurten ere. Udako ordutegia aldatzen da, baita erritmoa ere, umeak ez baitaude oporretan. Oraingoan ere, espazio itxi batean jorratuko dira jarduerak. 3-8 urte bitarteko haurrei bideratuta dago. Astelehenetik ostegunera 17:00 - 20:00 bitartean joateko aukera izango da, bi orduz iraungo duten txandetan. Izan ere, antolatzaileek bi orduko denbora hori baino gehiago bertan egotea ez dute gomendagarria ikusten. Eskulanak, sukaldaritza tailerrak, txotxongilo saioak, bisita sorpresak... eta nola ez ba, hezkuntza ere landuko da, hizkuntzarekiko ohitura bat txertatzen saiatuko dira. 5-8 urte bitarteko gazteen artean, koadrilen zentzazio hori jaiotzen hastea dute helburu bezala ere. Azken finean, duela urte batzuk plazan sortzen zen giro hura, ludotekan sortu nahi da; adin ezberdineko gazteak, hainbat jokoetan, denek elkarrekin, disfrutatzea.
Parte hartu nahi dutenek, Ttakuneko bulegoan, ludotekan bertan edota internet bidez egin dezakete inskripzioa. Lehenengo urtez parte hartuko duten umeen kasuetan, probatzeko aholkatzen dute arduradunek, gustura dagoen ala ez ikusteko.
Ostiraletan ere, bada girorik ludotekan, baina oraingo honetan 9-12 urte bitarteko gazteen txanda da. Gazte Kluba deritzo, eta bertan eskulanak, tailerrak, karaokea, irteerak noizbehinka... egiten dira. Gazte Klubak, aurten ere, larunbat goizetan ekintzak antolatuko ditu. Hemen parte hartzen duten gazteek programazioan ere eragin dezakete, gaiak proposatuz. Orokorrean, lehenengo hilabetea kenduta, beraiekin batera antolatzen dute programa.
Kuadrillategi ere Ludotekatik pasatzen da. 12 urtetik aurrerako gazteentzat da. Ostiraletan bildu eta hitzaldiak, tailerrak, sukalde-tailerrak, malabarak lantzen dituzte. Orokorrean beraiek eskatutako gauzak. Hona hurbiltzeko, koadrilaka izan behar du. Hemen bukatzen da hesitzeko prozesua. Ludotekan hasi, koadrila zentzazioa eratu eta ondoren bakoitzak bere koadrilarekin euskaraz gozatzen jarraitzeko aukera hori bermatuz.